Itxi

Ezkerraldea

2.000 pertsona baino gehiago elkartu dira Ezkerraldean Navalen itxieraren aurka

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Langileek “esfortzu bat gehiago” eskatu dute, datorren larunbateko elkarretaratzean parte hartzeko BECen, Pedro Sanchez bertan izango dela aprobetxatuz.

Manifestazioa Sestaotik Santurtzira. Argazkia: EFE

2.000 pertsona baino gehiago bildu dira arratsaldean Ezkerraldean egin den manifestazioan, Navaleko lan-erregulazioko espedientearen eta itxieraren aurka protesta egiteko. Josu Bergara, Mikel Torres, Amaia del Campo eta Aintzane Urkijo (Sestao, Portugalete, Barakaldo eta Santurtziko alkateak, hurrenez hurren) ere izan dira bertan.

'La Naval ez itxi. Gobernu zentrala-Jaurlaritza negoziazioa. Enpleguaren alde Ezkerraldean' idatzita zuen pankarta baten atzetik abiatu dira Sestaoko udaletxetik 18:00etan, Portugaletetik ibili dira gero, eta Santurtzin bukatu dute mobilizazioa, 19:30 aldera.

Ezkerraldeko familiek eta bizilagunek babestu dituzte ontziolako langileak, baita ordezkari politikoek ere. “Lehendakari, joan zu Cadizera”, “Zertarako inbertitzaile izan, Ferrolera bidaliko banaute” eta “Itxierarik eta kaleratzerik ez Navalen” oihukatu dute ibilbidean.

Naval ontziola “bideragarria” dela aldarrikatu dute langileen ordezkariek manifestazioaren amaieran, agiri bat irakurrita. Navalek “teknologia eta balio erantsi handiko ontziak eraikitzeko gaitasuna du”, esan dute. Beharginen ordezkarien ahotan, “mundu mailan lehiatu ahal izateko merkatu-hobiak daude”. “Lan, gaitasun tekniko eta profesional onagatik, armadoreen aintzatespena” jaso dutela nabarmendu dute.

"Navantiara alde egitea ez da konponbidea, ontziola desegitea eta Ezkerraldean enplegua deuseztatzea baizik"

Naval Izar (Navantia) enpresako ontziola publikoa zen, baina 2006an pribatizatu zutela gogorarazi dute. “Tax Leasek eragindako arazoek, kontratazio txarrek, akziodunen arazoek eta kudeaketa eskasak ekarri dute gaurko egoera”, bertan salatu dutenez.

Langileak kaleratzeko lan-erregulazioko espediente baten aurrean daudela gogorarazi dute ordezkariek: “15 egunen buruan kaleratuko gaituzte, eta behargin batzuei Navantiara joateko aukera eman digute, 100 urte baino gehiago martxan izan den ontziola ixteko”. “Navantiara alde egitea ez da konponbidea, ontziola desegitea eta Ezkerraldean enplegua deuseztatzea baizik”, ohartarazi dute.

Azkenik, langileek “esfortzu bat gehiago” eskatu dute, datorren larunbateko elkarretaratzean parte hartzeko BECen, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea bertan izango dela aprobetxatuz. Gobernuburua ekitaldi politiko batean izango da, eta elkarretaratzea 11:00etatik 13:00etara egingo dute.

Espainiako Exekutiboko presidenteari mezu elektroniko bat bidali diote Navaleko sindikatuek, larunbat honetan biltzea eskatzeko. Sanchezek beraiekin egoteko “minutu batzuk” hartzea espero dute beharginek.

Albisteak (3)