Bost lantalde
Gizarte Elkarrizketarako Mahaia martxan da ELA eta LAB gabe
Agentziak | Erredakzioa
Bilera hasi baino lehen LABeko 30 bat kidek protesta egin dute Lehendakaritzako atarian. Foro “antidemokratikoa” dela salatu du sindikatu abertzaleak.
Eusko Jaurlaritzak, patronalak, UGTk eta CCOOk enpleguaren kalitatea hobetzeko lan egingo dute, egonkortasun, laneko osasun eta kualifikazio profesionala bezalako esparruetan.
Exekutiboak, Confebaskek eta bi sindikatuek Gizarte Elkarrizketarako Mahaia osatu dute astelehen honetan. Lanerako egitasmo bat zehaztu eta bost lantalde sortzea adostu dute eragileek. Lantaldeak hilabete bateko epean osatuko dituzte.
Genero berdintasuna lan esparruan, laneko osasuna, enplegua, industria eta lanbide heziketa jorratuko dituzte bost lantaldeek.
ELAk eta LABek ez dute Gizarte Elkarrizketarako Mahaian parte hartu. Bost helburu finkatu ditu Mahaiak, besteak beste, lan harremanetan gizon eta emakumeen arteko berdintasunean aurrerapausoak ematea.
Gizarte-kohesioari laguntzen saiatuko dira, enplegua eta lanpostuen kalitatea hobetuz, egonkortasuna, laneko osasun, kualifikazio profesional eta lan baldintzei dagokionean.
Gainera, eskaintza eta eskariaren arteko harremana hobetzen saiatuko da hiruko mahaia, lanbide heziketaren bidez lan-merkatuaren eskakizun aldakorrak asetzeko, eta enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna areagotuko du.
Bileraren ondotik, gizarte-kohesioa areagotzeko eta langileen baldintzak hobetzeko bidean gaur “pauso historiko” bat eman dutela azpimarratu du Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak.
Mahaia osatuta, Jaurlaritzak, patronalak eta sindikatuek “erantzukizunezko ekintza” egin dutela erantsi du San Josek.
Elkarrizketa sozialean parte hartzeko eskatu die sailburuak ELAri eta LABi. Zentzu horretan, antzeko beste organo batzuetan portzentajeen araberako ordezkaritzarik ez dagoela gogorarazi du San Josek. Ez parte hartzeko erabakia “soilik euren erantzukizuna da”, kritikatu duenez.
Bilera hasi baino lehen LABeko 30 bat kidek protesta egin dute Lehendakaritzako atarian. Foro “antidemokratikoa” dela salatu du sindikatu abertzaleak. Ertzaintzak manifestariak atera ditu.
Xabier Ugartemendia sindikatu abertzaleko ekintza eta negoziazio kolektiboaren arduradunak salatu duenez, Mahaia “iruzur hutsa” da, “Confebasken planak garatzen jarraitzeko” eta Iñigo Urkulluren Exekutiboko “politika neoliberalak justifikatzeko” helburua duelako.
"Iruzurrik ez! Demokrazia" lelopean Jaurlaritzaren egoitza okupatu dugu gaur delako elkarrizketa sozialaren mahaiko lehen bilera salatzeko #iruzurrikEz #zureBideLagun pic.twitter.com/FzJ3yHv8Fu
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) 11 de febrero de 2019