Itxi

Osakidetzako azterketak

Darpon kargugabetzeko eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk neurriak hartzeko eskatu diote Urkullu lehendakariari. Idoia Mendiak, berriz, Jaurlaritza "auzia argitzeko ahaleginetan" ari dela azpimarratu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Fiskaltzak Osakidetzako lan-eskaintza publikoan 'delitu zantzuak' ikusi dituela iragarri ostean, Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa edo kargu uztea eskatu du EH Bilduk; izan ere, probetan izandako ustezko irregulartasunetan Osakidetzako Zuzendaritza "funtsezko figura" izan dela uste du Fiskaltzak.

Rebeka Ubera koalizio subiranistaren legebiltzarkideak adierazi duenez, Darponek ezin du karguan jarraitu. "Borondatez uzten ez badu, Urkulluk kargutik kendu beharko du", esan du.

EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "lan-eskaintza publikoa iruzur hutsa izan da gizarte osoarentzat, ez soilik azterketa egitera aurkeztu ziren milaka pertsonentzat, eta iruzur horren erantzule politiko nagusia Osasun sailburua da".

"Darpon ezin da Osakidetzako zuzendari ohiaren dimisioaren eta Giza Baliabideetako zuzendari ohiaren kargugabetzearen atzean ezkutatu. Bere erantzukizuna onartu eta dimisioa emateko ordua heldu zaio, eta berezko borondateagatik ematen ez badu, lehendakariak kargugabetu beharko du", azaldu du.

"Gobernuak mezu argia helarazi behar dio gizarteari; zintzotasun eta garbitasun mezua, hain zuzen. Ustelkeria politikek ondorioak dituztela argi utzi behar du, eta hori bateraezina da Darpon Osasun Saileko burua izaten jarraitzearekin", Uberaren hitzetan.

"Euskal gizartea iruzurraren biktima izan da, eta EAJri azalpenak emateko garaia heldu zaio. Ezinbestekoa da ikerketa batzorde berezi bat eratzea Osakidetzako lan-eskaintza publikoan emandako irregulartasunak argitzeko eta erantzukizun politikoak zehazteko", esan du.

EH Bilduk astearte honetan bertan egin du batzordea eratzeko eskaria, eta, Uberak azaldu duenez, gainerako taldeen babesa lortzea espero du. "Aurreko batean EAJk, PSE-EEk eta PPk batzordea eratzea eragotzi zuten, baina Fiskaltzaren txostena ezagutu ostean gauza bera ez gertatzea espero dugu; izan ere, inork ez du ulertuko eskaria berriro eragoztea".

"Batzorde txostengilea sustatzea beharrezkoa da, lan-eskaintza publiko zein Administrazio Publikoan langileak kontratatzeko politika berrien oinarriak ezartzeko, gardentasuna eta berdintasuna bermatzeko helburuarekin".

Elkarrekin Podemosek Darpon kargugabetzeko eskatu dio Urkulluri

Elkarrekin Podemosek ere Osasun sailburua kargugabetzeko eskatu dio lehendakariari, lan-eskaintza publikoaren galderetan filtrazioak "babestu" eta "ezkutatzen saiatzeagatik". Horren harira, ekimen bat jarri du abian Eusko Legebiltzarrean talde guztiek onar dezaten.

"Ageriko errealitatearen eta salaketa sistematikoen aurrean, Eusko Jaurlaritzak nahiago izan du bestaldera begiratu. Hasieratik esan genuen Osakidetzan ez dela aukera berdintasunerako eskubidea bermatzen, eta gutxi batzuk laguntzeko azterketen galderak filtratzea ohiko jokabidea bihurtu da", esan du Cristina Macazaga legebiltzarkideak.

Osakidetzak akusazioak ukatzeko erabilitako froga eta testigantza berdinak izanda (esaterako, lan-eskaintza publikoaren emaitzak aurreratzen zituen Podemosen notario-aktak), Fiskaltzak azterketen galderen "filtrazioak gertatu zirela" ondorioztatu duela gaineratu du.

"Zeren zain dago lehendakaria Darpon jauna kargugabetzeko?", galdegin du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak.

Arazoari argibidea bilatzean "interesdun nagusia" Darpon da

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, Osakidetzako lan-eskaintza publikoaren arazoari konponbidea ematean "interesdun nagusia" Jon Darpon da.

Mendiaren ustez, "lan-eskaintza publikoetan gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatzea da" Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarreko taldeen kezka nagusia.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza "auzia argitzeko ahaleginetan ari da", esan du. Horren harira, "Darponek Legebiltzarrean eman beharreko azalpen guztiak emateaz gain, erantzukizunak eskatu dizkie zenbait kargutan zeudenei", azaldu du Mendiak.

"Osasun Sailak arreta berezia jarri du hasieratik, eta sailburuak bere lana egin eta erantzukizunak eskatu ditu. Izan ere, Fiskaltzaren txostenak hainbat goi-kargu aipatzen ditu, eta dagoeneko izan dira aldaketak Osasun Sailean", gaineratu du.

PPk neurriak eskatu dizkio Urkulluri Osakidetzaren egoeraren harira

Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak, berriz, "hartu beharreko erabakia hartzeko" eskatu dio Urkulluri, Osakidetzako egoera "eutsiezina" delako. Dena den, Alonsok ez ditu Urkulluri eskatzen dizkion neurriak zehaztu, ezta Osasun sailburuaren burua eskatzen duen ala ez.

PPko presidenteak Gasteizen egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, Fiskaltzaren idazkiak "jauzi kualitatiboa" eragin du auzian, irregulartasun administratiboak ez ezik, delitu zantzuak antzeman baititu.

Alonsoren esanetan, "Eusko Jaurlaritzak ez zuen egia esan Legebiltzarrean", Ministerio Publikoaren idazkiak argi usten duenez.

Albisteak (7)

Bideoak (1)