ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Jon Darponek ez du dimititzeko asmorik eta Lan Eskaintza Publikoa amaitu nahi du
RADIO EUSKADI | EITB.EUS
Halaber, Fiskaltzak seinalatutako Osakidetzako hiru arduradunen errugabetasun presuntzioa defendatu du. 'Ez dago ezer frogatuta', gaineratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fiskaltzak seinalatutako Osakidetzako hiru arduradunek "beren eginbehar eta konpromisoetan" huts egin zutela frogatzen bada, hartu beharreko neurriak hartuko dituztela ziurtatu du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Dena den, oposizioaren eskariei entzungor eginez, baztertu egin du dimisioa emateko aukera.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren ingurukoak izan ditu hizpide nagusi. Horren esanetan, oraingoz, ez dago ezer frogatuta. "Prozedura bat zabalik dago, eta hor argituko dira balizko erantzukizunak. Gaur-gaurkoz, zuzendaritzako kargu bakar bat ere ez dago ikerketapean. Ez dago ezer frogatuta. Fiskaltzaren idatziak 86 epaimahaietako hiru epaimahaitako hiru kide seinalatu ditu. Justiziari lan egiten utzi behar zaio", esan du. Halaber, Fiskaltzak seinalatutako Osakidetzako hiru arduradunen errugabetasun presuntzioa defendatu du.
Azterketak prestatzeko aukeratutako zerbitzuburuen hautaketaz galdetuta, profesional horiek hautaprobak diseinatzeko duten "gaitasuna" azpimarratzeaz gain, euskal osasun zerbitzuak langileak aukeratzeko duen sistema "zorrotza" dela adierazi du. "Osakidetzan ez da entxufe bidez sartzen", azpimarratu, eta "onenak" sartzen direla gaineratu du. "Gainera, egunez egun erakutsi behar duzu, Osakidetzak gauza bat du ona, egunero erabiltzen dela", azaldu du. Hala eta guztiz ere, Osasun Sailak Arartekoak egindako gomendioak bere gain hartu dituela berretsi du; besteak beste, epaimahaikideen osaketa zozketa bidez egitea.
Oposizioaren dimisio eskarien aurrean, Osasun sailburu izendatu zuen egunetik bere kargua lehendakariaren esku dagoela erantzun du. "Nire helburua Lan Eskaintza Publikoa ahalik eta azkarren eta berme guztiekin amaitzea da. Buru-belarri nago horretan, eta, arazoen berri izan nuenetik, intentsitate handiagoz gainera", esan du. Bestalde, prozesu honetan guztian ez duela gezurrik esan aldarrikatu du. Are gehiago, bere eskura zegoen dokumentazio guztia talde parlamentarioen, sindikatuen, Arartekoaren eta Fiskaltzaren esku utzi duela azaldu du.
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.