Diputatuen Kongresua
Hipoteka lege berria onartu dute Kongresuan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arau berriaren arabera, bankuek ordaindu beharko dute hipoteken gaineko zerga, zoru-klausulak kendu egingo dituzte eta etxegabetzeak gauzatzeko baldintzak zorrotzagoak izango dira.
Espainiako Diputatuen Kongresuak hipoteka lege berria onartu du, eta, ondorioz, bankuek ordaindu beharko dute lehendabiziko etxebizitzari lotutako hipotekaren zerga.
Orain arte bezeroak ordaindu behar zuen zerga hori, baina Espainiako Gobernuak araua aldatu zuen, bankuek ordain dezaten. Lege berriak talde parlamentario guztien babesa jaso du, Ciudadanosena izan ezik.
Arau berriak kontsumitzailea gehiago babestea eta hipotekari lotutako gastuan bankuaren eta bezeroaren artean banatzea bilatzen du.
Hipotekari lotutako zergaz gain, notariotzako lehen kopiak eta erregistroaren eta gestoriako gastuak ere ordaindu beharko ditu bankuak. Bezeroak, berriz, notariotzako bigarren kopiak eta tasazio gastuak.
Zoru-klausularik ez da egongo aurrerantzean, eta etxegabetzeak gauzatzeko baldintzak zorroztu egingo dituzte: maileguaren lehendabiziko urteetan 12 kuota (edo maileguaren % 3) ordaindu ez direnean abiaraziko da kaleratze prozesua; kredituaren bigarren zatian, berriz, 15 kuota (edo maileguaren % 7) ordaindu ez direnean.
Horrez gain, bezeroek hamar eguneko epea izango dute maileguaren xehetasunak aztertzeko, bankuarekin kontratua sinatu ala ez erabakitzeko. Halaber, banku bakoitzaren hipoteka baldintzak zeintzuk diren jakinarazi beharko diote bezeroari, honek datuak alderatzeko aukera izan dezan.
Hipoteka Legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean.