Lan berdintasuna
Aitatasun baimenak 8 astekoak izango dira apirilaren 1etik aurrera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehenengo bi asteak amarekin batera hartu beharko ditu aitak, semea edo alaba jaio eta batera. Gainerako sei asteak nahi dituenean hartu ahal izango ditu, urtebeteko epean.
Bost astetik zortzira luzatuko dituzte aitatasun baimenak, apirilaren 1etik aurrera. Aste horiek nahi bezala banatu ahalko dituzte, baina lehenengo hamabost egunak amarekin batera hartzera behartuta daude, semea edo alaba jaio eta batera. Gainerako sei asteak, berriz, urtebeteko epean hartu beharko dituzte.
Espainiako Gobernuko iturriek azaldu dutenez, enpresek eta Gizarte Segurantzak araudi berrira egokitzeko denbora izan dezaten atzeratu dute, apirilera arte, aitatasun baimen berrien ezarpena.
Estatuko Aldizkari Ofizialak gaur bertan argitaratu du lege dekretua. Aitatasun eta amatasun baimenen parekatzea ez ezik, enpresei zuzendutako neurri jakin batzuk ere jasotzen ditu horrek.
Jaiotze baimenak
-Pixkanaka amatasun eta aitatasun baimenak parekatzea: 2020rako 12 aste eta 2021erako 16 aste.
-Baimenak bientzat izango dira berdinak eta jaiotze baimen bezala ezagutuko dira. Adoptatutako umeen kasuak ere kontuan hartuko dituzte, baita hamabi hilabetez azpiko haurren zaintza ere.
-Bihartik aurrera, ama biologikoa ez den gurasoak bi asteko baimena hartu beharko du haurra jaio edo adoptatu eta batera. Bestalde, gainerako sei asteak urtebeteko epean hartu beharko ditu, nahi bezala.
-2020an lau asteko baimena izango du aitak, umea jaio den egunetik aurrera hartzeko. Gainerako zortzi asteak hamabi hilabeteko epean hartu beharko ditu.
-2021ean, berriz, 6 astekoa izango da hasierako baimena. Horrez gain, beste hamar aste izango dituzte biek, urtebeteko epean nahi duten moduan banatzeko. Gainera, beste astebeteko baimena jasoko dute, baldin eta baimen horiek zuzen banatzen badituzte. Horrela bada, astebete gehiago izango du bakoitzak.
-Lehenengo sei asteetan lanaldi osoko baimena hartu beharko dute. Nolanahi dela, gainerako hamar asteetan lanaldi partzialera egokitu ahalko dituzte baimenak.
Edoskitzea
-Apirilaren 1etik aurrera, ordubetez murriztu ahal izango dute lanaldia umeak bederatzi hilabete izan arte. Halaber, ordu horiek metatzeko aukera izango dute, ordu horiek guztiak jarraian hartuta. Kasu horretan, posible dute edoskitze baimena biek batera hartzea, baina besterenezina izango da.
-Eskubide hori modu parekatuan banatuz gero, haurrak urtebete izan arte luzatzeko aukera izango dute, baina bederatzigarren hilabetetik aurrera soldata murrizketarekin.