Itxi

Greba Tuvisan

Hiri-autobusen maiatzeko greba saihesteko itxaropena du Gasteizko alkateak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren 6an eta 13an egun osoko lanuzteak egingo dituzte Tuvisako langileek. Gainera, maiatzaren 17an greba mugagabea hasiko omen dute.

Tuvisa enpresako hiri-autobus bat. ETBren bideo batetik ateratako irudia

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak itxaropena du hiri-autobusen maiatzeko greba saihesteko. Tuvisako langileek Euroligako Lauko Finalarekin batera egingo dituzte lanuzteak.

Ostiral honetan emandako prentsaurrekoan Urtaranek ziurtatu du gobernu taldea "garaiz" dabilela maiatza aurretik sindikatuekin negoziatzeko. Are gehiago, Arabako hiriburuko alkateak aurreratu du sindikatuen aldarrikapenetako batzuk "bideratuta" dituztela dagoeneko. Hori dela eta, elkarrizketaren aldeko apustua egin du, "akordio bat lortze aldera".

"Uste dut bi aldeen arteko jarrerak ez daudela horren urruti, aldarrikapenetako batzuei dagokienez, behintzat", gaineratu du Tuvisako langileen gehiengoak (% 78k) lortutako akordioaren harira. Hain zuzen ere, maiatzaren 6an eta 13an egun osoko lanuzteak egitea itundu dute hiri-autobusen aipatu enpresako beharginek, baita hilaren 17an greba mugagabea abiatzea ere.

Besteak beste, lan eskaintza publikoa eskatzen du enpresa batzorde berriak, "aldi baterako langileen kopuruak behera egin dezan, aurre-erretirorako baldintzak hobeak izan daitezen, zenbait lineatan maiztasuna areagotu dezaten eta ibilbide bakoitza bukatzen den geltokian gidarientzako komunak jar ditzaten".