Mobilizazioak
La Navaleko langileek 'manifestazio jendetsua' iragarri dute Bilbon
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oraindik ez dute mobilizazio erraldoi horren data zehaztu, baina litekeena da apirilaren lehenengo hamabostaldian egitea. Asmoa da ontziolaren lan gatazkari irtenbidea bilatzea.
Sestaoko La Navaleko langileak "manifestazio jendetsua" antolatzen dabiltza datorren hilabeterako, Bilbon. Ontziolan aurkeztu duten enplegu erregulazioko espedientea dela eta, beharginak lan gatazka horri irtenbidea bilatzen ari dira.
Ostiral honetan, adibidez, elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilboko Bizkaia plazan duen egoitzaren aurrean. Hain zuzen ere, iragan ostiralean Madrilen Reyes Maroto Industria ministroarekin izandako bileran Jaurlaritzako ordezkaririk egon ez izana salatu dute gaurko protestan.
Juanjo Llorden La Navaleko enpresa batzordeko idazkariaren ustez, horrekin argi utzi zuten Jaurlaritzak ez duela "La Navalen arazoa" konpontzeko asmorik.
Bilera horretan, berriro ere, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ontziola erosi beharko luketela defendatu zuen enpresa batzordeak. Modu horretan, 173 beharginek Sestaon bertan lanean jarraitzeko aukera izango luketela arrazoituta.
Llordenek ere aukera horren alde egin du, eta Pedro Sanchezen Gobernuari "irtenbide bat" bilatzeko eskatu dio. Langileak, bestalde, Maria Jesus Montero Ogasun ministroarekin biltzen saiatuko dira, draga Sestaon eraikitzeak "hogei hilabeteko" lana ekarriko lukeela jakinarazteko. Denbora tarte horretan konponbideren bat bilatzeko aukera izango luketela uste dute langileek.
Ildo horretan, Llordenek adierazi du "berotuta" dabiltzala, 150 langilek Navantia talde publikoan lana ziurtatuta duten arren.
"Jendeak ez du ulertzen nolatan den posible langileriaren % 88 publikoa izatea, baina Sestaotik kanpo lan egin behar izatea; hala nola, Ferrolen, Cadizen, Cartagenan edo Madrilen", esan du.
Datorren astelehenean, La Navaleko langileak berriz bilduko dira, mobilizazio gehiago lotzeko. Besteak beste, Bilbon apirilean egingo omen duten manifestazioaz jardungo dute batzar horretan.