Elkarrizketa, Radio Euskadin
Rementeria: 'Aukera dago La Navaleko langileak Euskadiko ontzioletan birkokatzeko'
EiTB.EUS
Rementeriaren esanetan, formakuntza prozesuak hasten badituzte, litekeena da La Navaleko langileak Euskadiko ontzioletan birkokatzea. Halere, jakin badaki Ezkerraldearentzat "kolpe latza" izan dela.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan esan du La Navalen enpresa laguntzailetik kaleratu zituzten 354 langileak lanean ari direla, ontziolaren sektorearekin eta Jaurlaritzarekin dituzten "kontaktuei" esker. Hori dela eta, Rementeriaren esanetan, formakuntza prozesuak hasten badituzte, litekeena da La Navaleko langileak Euskadiko ontzioletan birkokatzea. Halere, jakin badaki Ezkerraldearentzat "kolpe latza" izan dela, baina harro dago langabeei formakuntza eman izanaz. Rementeriak adierazi du ez duela La Navalen inbertsioen gaineko informaziorik ezagutzen.
Bestalde, Oma basoaren itxiera iragarri du, "banda marroia" gaitza dela eta. "Aste Santuan itxita egongo da, beraz, onddo horrek basoa gaixotu duelako". Horregatik, gutxienez hilabete batzuk egongo da zarratuta, basoaren egoera goitik behera aztertu arte.
Bizkaian delitugintzak gora egin duela ere onartu du: "Bereziki lapurreta kopurua hazi da. Horrenbestez, kaletik seguru ibiltzeko eskubidea bermatu behar dugu". Alabaina, Rementeriak azpimarratu du ezin dela Madrilgo delinkuentziarekin parekatu.
Bilbok etorkizun hurbilean hartuko dituen ekitaldi handiei buruz ezer gutxi aurreratu du, kirolarekin eta musikarekin lotuta egongo direla salbu.
Metroaren 4. eta 5. lineei dagokienez, zera esan du: "5. linearen ordez tren zerbitzua ezarri dugu. 2021erako Galdakao metroarekin lotuko dugu, eta 4. linea eraikitzea aztertzen gabiltza".
Dagoeneko abian dauden azpiegituren inguruan ere mintzatu da. Getxo eta Portugalete arteko zubia, Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearekin, A-8 autobidearekin eta A68arekin lotuta "saihesbide perfektua" dela azpimarratu du, hiriguneko trafikoa arinduko delako, kutsadura gutxiago egongo delako eta garraio publikoaren erabilera haziko delako.
Bolintxu auzoaz galdetuta, argi utzi du han egindako lanek ez dutela bailaran eraginik izango, "neurri guztiak hartuko ditugulako".
A-8 autobidearen bidesariaren inguruan ere hitz egin du. Rementeriak ez du beharrezkotzat jotzen bidesaria kentzea, hamar ibilgailutik sei ez direlako Bizkaikoak. Aukera gisa, 30 euroko tarifa finkoa proposatu du.
Horrez gain, tutoretzaperik gabeko atzerriko adingabeen etorrerak eragindako arazoa izan du hizpide: "Bizi proiektu bat eman behar diegu. Horretarako, zentroak ixtea edo betirako irekitzea ez da konponbidea".
Azkenik, laguntza sozialen gaiarekin itxi du goizeko elkarrizketa. Bizkaian egiten ari diren "Laguntzak bai, kontrola ere bai" kanpainaren harira, Rementeriak aitortu du iruzurra ez dela % 1era iristen. "Jendeak lasai egon behar du, benetan behar dutenek soilik jasotzen dituzte laguntzak", bukatu du.
Informazio hau Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek euskaratu du.