Itxi

MANIFESTAZIOA

Milaka pentsiodun atera dira kalera politikariei neurriak eskatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Juan Antonio Armentia Arabako pentsiodunen bozeramaileak argi du apirilaren 28ko zein maiatzaren 26ko hauteskundeetan "pentsioak jokoan" direla, hein handi batean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Milaka pertsona kalera atera dira gaur berriro Hego Euskal Herriko hiriburuetan pentsioei buruzko aldarrikapenekin alderdi politikoei presioa egiteko hauteskunde kanpainaren erdian.

Pentsiodunek bozketan izango duten garrantzia gogorarazi diete alderdi politikoei mobilizazioetan.

"Ez diogu izen eta abizena jarri nahi bozkatu behar zaionari edo bozkatu behar ez zaionari", baina "deialdi orokorra egingo dugu" pentsionisten aldarrikapenen kontrako adierazpenak egiten dituzten alderdiei ez bozkatzeko, azaldu du Jon Fano kolektiboaren ordezkariak Bilbon.

Bizkaiko hiriburuan 10.000 lagun elkartu direla jakinarazi du Udaltzaingoak, eta jai giroan egin dute manifestazioa, pentsio "duinak" eskatzen zituen pankartaren atzean.

Mugimenduaren bozeramaileek azpimarratu dute kolektiboak duela urtebetetik eskatzen duela KPIren igoera bermatzea, eta gutxieneko 1080 euroko pentsioa ezartzea. Lan erreformaren eta diru-laguntzak bizi itxaropenari lotzearen aurka ere agertzen dira.

Donostian ere milaka lagun elkartu dira hirigunean "pentsio publiko duinak" eskatzeko.

Mila bat pentsiodun atera dira gaur kalera Gasteizen Arabako jubilatuen elkarteak deituta, euren eskariak gogorarazi eta politikariei "altu eta garbi" esateko euren botoa eurak "defendatzen dituztenei" emango dietela.

"Pentsio publiko duinak" zioen pankartaren atzean, Gasteizko kale nagusietan egin dute protesta pentsiodunek, lepoko arrosak jantzita eta "gobierne quien gobierne las pensiones se defienden" eta antzeko leloak aldarrikatuz.

Juan Antonio Armentia Arabako pentsiodunen bozeramaileak argi esan du apirilaren 28ko zein maiatzaren 26ko hauteskundeetan "pentsioak jokoan" direla, hein handi batean.

"Beharrezkoa da botoa ematea, ateratzen dena gure irizpideen aldekoagoa edo kontrakoagokoa izan baitaiteke" adierazi du Armentiak. Armentiak gaineratu du sentsazioa duela komunikabideak "erlaxatu" egin direla gai honen inguruan, eta politikariak "euren artean mokoka" dabiltzala beste gai batzuekin, "Kataluniako auzia dela eta ez dela, adibidez".

Manifestazioaren amaieran oharra irakurri dute, eta argi eta garbi esan dute jubilatuek "eskari justuak" asetzen dituztenei emango dietela botoa. Eskari horien artean pentsio publikoen sistema blindatzea, 1.080 euroko gutxiengoko pentsioa ezartzea, genero arrazoiengatik pentsioetan dagoen arrakalarekin amaitzeko neurriak hartzea eta lan erreforma bertan behera uztea aipatu dituzte, besteak beste.

Manifestazioa egin dute Iruñean ere, "egungo eta etorkizuneko pentsiodunen eskubideak" aldarrikatzeko, "datozen hauteskunde prozesuen ostean osatzen diren gobernuen gainetik".

Albisteak (2)

Bideoak (1)