Itxi

Enplegua

3.830 pertsonak eman dute izena Udaltzaingoaren lan eskaintza publikoan

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Guztira, 270 lanpostu eskainiko dituzte EAEko 36 herritan. Hain zuzen, 46 plaza eskainiko dituzte Araban; 109, Bizkaian; eta 116, Gipuzkoan.

Ehunka pertsona Gasteizen, lan eskaintza baten azterketa egiten. Argazkia: EiTB

Guztira 3.830 pertsonak eman dute izena EAEko Udaltzaingoaren hirugarren lan eskaintza publikoan, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren arabera. 270 plaza eskaini dituzte eta ekainaren 15ean egingo dira azterketak, Barakaldoko BECen.

Parte hartu nahi duten pertsonek astelehenera arte, maiatzaren 27ra arte, dute epea zabalik, gaueko hamabiak arte, eta arkauteakademia.eus webgunean eman dezakete izena. Orain arte, parte-hartzaileen arteko 1.000 emakumezkoak dira, eta 2.830, gizonezkoak.

Izen-ematea amaitu ostean, Malentxo Arruabarrena EAEko Akademiaren eta Larrialdien zuzendariak onartutakoen zerrenda argitaratuko du, eta horiek ekainaren 15ean izango dute azterketa.

Proba teorikoak hasiko dira lehenengo, eta bertan azterketa psikoteknikoa eta nortasun azterketak egingo dira. Proba teorikoak gaindituko dutenek uztailean egingo dituzte froga fisikoak, eta elkarrizketa pertsonalak irailean.

Prestakuntza-ikastaroa azaroan abiatuko da, eta zazpi hilabete iraungo du. Geroago, 12 hilabeteko praktikak egingo dituzte, gutxienez.

Plazak

Arabak 45 plaza eskaintzen ditu; Bizkaiak, 105; eta Gipuzkoak, 116.

Zehazki, honakoak dira udaltzain-plazak eskaintzen dituzten gainerako udalak: Amurrio (1), Laudio (5), Gasteiz (39), Abanto-Zierbena (2), Zornotza (3), Barakaldo (20), Basauri (6), Bermeo (11), Derio (1), Getxo (20), Gorliz (1), Etxebarri (9), Lekeitio (3), Mungia (7), Ortuella (2), Portugalete (4), Santurtzi (13), Sestao (2), Zalla (2), Aretxabaleta (1), Arrasate (5), Azkoitia (2), Beasain (2), Donostia (49), Eibar (8), Elgoibar (4), Errenteria (7), Irun (13), Lasarte (4), Ordizia (1), Pasaia (6), Urretxu (2), Zarautz (3), Zumaia (1) eta Zumarraga (8).