Itxi

Instrukzioa

Osakidetzako LEPan ikertutako medikuek azterketen filtrazioa ukatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Jose Luis Cabriada, Maria Reyes Vega eta Cesar Augusto Valero medikuek, ikertu gisa, Gasteizko Instrukzio-epaitegian deklaratu dute ostegun honetan.

Jose Luis Cabriada Osakidetzako digestibo zerbitzuburua. Argazkia: EFE/ David Aguilar

Osakidetzaren azken lan-eskaintza publikoan ustez egindako filtrazioengatik ikertutako hiru zerbitzuburuek gertaturikoan "edozein parte-hartze" ukatu dute instrukzio-epailearen aurrean.

Jose Luis Cabriada, Maria Reyes Vega eta Cesar Augusto Valero medikuek Gasteizko Instrukzio-epaitegian deklaratu dute ostegun honetan. Ikertu bezala agertu dira epailearen aurrean, desleialtasuna agirien zaintzan eta sekretuen jabe egin eta zabaltzea egotzita, oposiziogile batzuei Digestibo, Angiologia eta Anestesiologiako probak ustez filtratzeagatik.

Hirurak abokatuarekin joan dira epaitegira, eta komunikabideen aurrean adierazpenik egitea baztertu dute, sarreran zein irteeran. Galdeketa nola joan den galdetu dietenean, "oso ondo" erantzun dute bi abokatuk.

Fiskaltzaren aurrean egindako adierazpenak berretsi dituztela azaldu du Patxi Nicolau ESKko ordezkariak. "Gertakarietan edozein parte-hartze ukatu dute", ziurtatu du sindikatuko ordezkariak. ESK-ko eta LABeko abokatuek (herri-akusazioa) egindako galderei erantzutea baztertu du inputatuetako batek. "Harritu gaitu", onartu du Nicolauk.

"Abokatuek nahi duten gauza bakarra ikerketa aurrera eramatea da", azpimarratu du Nicolauk. "Erantzukizun judiziala" inputaturiko hiru zerbitzuburuetatik "haratago" doala argi du sindikatuak. "Defentsaren jarrera ulertzen dugu, ez dugu kritikatuko, baina Justiziari laguntzea aukerarik onena dela uste dugu", erantsi duenez.

Maria Reyes Vega Osakidetzako angiologia zerbitzuburua. Argazkia: EFE/ David Aguilar

Bere garaian lan-eskaintza publikoaren epaimahaietako aktekin "alderatzeko" modurik izan ez zituzten irregulartasunen frogak eskuetan urtebete eman dute. "Anonimo" horiek, orain auziaren parte izanik, aztertu ahal izango dituzte, "datu berriak" aurkezteko, ikerketa beste espezialitateetara zabaltzeko helburuarekin. "Hau ezin da bakarrik hiru pertsonatara mugatu", errepikatu du Nicolauk.

Orain arte deitutako pertsonen deklarazioa ostegun honetan bukatu da. Instrukzio-epaitegiko arduradunak prozedura nola jarraitu erabaki behar du orain.

Bestalde, Osakidetzak Marta Macho anestesista asteazkenean kaleratu izana hizpide izan du Nicolauk. Machok ustezko filtrazioak salatu zituen. Debagoienako Ospitalean zuen kontratua ostiralean bukatzen dela jakinarazi zioten, "inolako azalpenik eman gabe", ESK-ko ordezkariak salatu duenez.

"Errepresio ekintza" bat dela esan du sindikatuko ordezkariak. Nicolauren ahotan, Osakidetzak barne-araudi propioa urratu du. Kexa bat aurkeztuko dutela iragarri du, baita gatazkak konpontzeko prozedurei hasiera eman ere.

Albisteak (3)