Kargatzen...
Itxi

LANA

Bost lan-poltsa osatzeko hautaketa-prozesu berria ireki du Jaurlaritzak

EITB.EUS

Leer en Castellano

Goi-mailako hiru espezialitatetarako, laguntzaile teknikarien postuetarako eta mendekoen lantalderako poltsak osatzeko deialdia da. Ostiralera arte eman ahal izango da izena.

Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitza. Artxiboko irudia.

Administrazio orokorrerako bost lan-poltsa osatzeko hautaketa-prozesu berria jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak. Izena emateko epea gaur, ekainak 3, zabalduko da, eta ostiralera arte egongo da zabalik.

IVAPek bideratuko du prozesua, eta, gaurtik aurrera, erakunde horren web orrialdean argitaratuko dituzte deialdiari buruzko xehetasun guztiak. IVAPek Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Oñatin dituen bulegoetan ere izango da eskuragarri informazioa.

Aurreneko probak uztaileko lehen asteburuan egitea aurreikusten du Jaurlaritzak, eta lan-poltsak irailaren amaierarako eratuta egotea nahiko lukete.

Eskakizunak

Bost lan-poltsa horien hautaketa-prozesuan izena eman ahal izateko bete behar diren eskakizunak, hizkuntza-eskakizunari eta titulazioei dagokienez:

- Mendekoen lantaldea:

* 1. hizkuntza-eskakizuna

* Titulazioa: ez da titulazio berezirik behar

- Laguntzaile teknikoen lantaldea: 'Aplikazio informatikoen garapena'

* 2. hizkuntza-eskakizuna

* Titulazioa: Deialdiaren oinarrietan zehazten diren lanbide-prestakuntzakoetatik edozein; bihartik aurrera egongo dira ikusgai IVAPen web-orrian

- Goi-mailako teknikarien lantaldea: 'Informazioaren sistema eta teknologien eskala'

* Hizkuntza-eskakizunik gabe

* Titulazioa: lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo gradua

- Goi-mailako teknikarien lantaldea: 'Zuzenbidea lizentzia'

* 3. hizkuntza-eskakizuna

* Titulazioa: Zuzenbideko lizentzia edo gradua

- Goi-mailako teknikarien lantaldea: 'Ekonomia Zientzietako lizentzia'

* Hizkuntza-eskakizunik gabe

* Titulazioa: Ekonomia Zientzietako lizentzia edo deialdiaren oinarrietan zehazten diren graduetako edozein; bihartik aurrera egongo dira kontsultatzeko IVAPen web-orrian

'Kalitatezko zerbitzu publikoa'

Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak nabarmendu duenez, deialdi berrien bidez "bermatu egiten dugu kalitatezko zerbitzu publikoaren jarraipena eta, horrela, administrazio publikoan lanbide-karrera garatu nahi duten pertsonek hurrengo enplegu-eskaintza publikoetarako behar den esperientzia eskuratuz garatu ahal izatea ere bermatzen dugu".

Era berean, Zearretaren arabera, "pixkanaka, plantillak gaztetzen ari gara, pertsona berriei prestakuntza emanez eta funtzionarioen belaunaldi-erreleboarekin jarraituz".