2020ko Aurrekontuak
Jaurlaritza BPGaren % 2,2ko hazkundea aurreikusita ari da Aurrekontuak prestatzen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aurrekontu proiektua bideratzeko orduan baliagarri izango diren gidalerro ekonomikoak aurkeztu ditu gaur Azpiazuk, Jaurlaritzak horiek onartu ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,2 haztea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak, eta hazkunde horretan oinarrituta ari da 2020ko Aurrekontuen lege proiektua prestatzen. Gainera, politika publikoetan genero ikuspegia indartuko du, berdintasunaren alde aurrerapausoak emateko eta emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala murrizteko.
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak prentsaurreko batean aurreratu ditu Gobernu Batzordean astearte honetan onartutako ildo garrantzitsuenak. Horiek guztiak datorren urteko Aurrekontuen lege proiektuaren oinarri izango dira.
Martxoaren amaieran Jaurlaritzak hamarren bat jaitsi zuen BPGaren hazkunde aurreikuspena; % 2,2raino, hain zuzen ere. Enpleguaren sorrera, aldiz, % 1,5 igoko zela aurreikusi zuen. 2020rako, baina, Barne Produktu Gordina % 2 igotzea espero dute, eta enplegua % 1,3.
Horrek esan nahi du bai BPGak eta baita enpleguak ere 2018an baino hazkunde txikiagoa izango dutela.
Langabezia-tasari dagokionez, % 9,9an kokatuko da urte bukaeran, eta % 9,7an hurrengo ekitaldian. Hortaz, azken kontsumoak % 2,1 egingo du gora 2019an, eta % 1,9 2020an.
Bukatzeko, barne-eskaria ere hazi egingo da (% 2,4 aurten eta % 2,3 datorren urtean).
Horrela, Azpiazuk aurreratu du 2020rako aurreikusitako defizit helburuak beteko dituztela. Zorra, berriz, % 13,8koa izango omen da aurten, eta % 13,2koa 2020an.
Urrian aurkeztuko dute proiektua
Euskadiko Aurrekontuen lege proiektua urrian aurkeztuko dute, eta legealdiko azkena izango da. EAJ-PSE koalizioaren lehenengo bi urteetan kontuak onartzea lortu zuten Legebiltzarrean, PPren abstentzioari esker.
Aurten, aitzitik, Jaurlaritzak ez zuen horretarako babes nahikorik lortu, eta Aurrekontuak atzeratu behar izan zituen.
Horrekin lotuta, Azpiazuk esan du ez dutela "denbora galtzeko" asmorik eta "lehenbailehen" hasiko direla oposizioko alderdiekin biltzen, kontuak onartzeko dauden aukerak aztertzeko.
"Akordiorako prest gaude", berretsi du Ekonomia sailburuak. "Bilera sortan ez diogu inori aterik itxiko", argitu du.
Neurri berriak
Azpiazuren esanetan, enpresetan partaidetza publikoak lehenetsiko dituzte, lehendakariak bart iragarri duenez. Modu horretan, enpresa pribatuek Euskadin errotuta jarraitzea bermatu nahi dute, Urkulluren hitzetan.
Nazioarteko testuinguruari dagokionez, Azpiazuk onartu du muga-zergarekin lotuta AEBk Txinari eta Europako herrialdeei egindako mehatxua oztopo izan daitekeela kanpo merkataritzaren garapenean.
Era berean, brexitarekin lotuta Erresuma Batuan sortu den ika-mikak ere ezegonkortasuna dakarrela aitortu du.