Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

AHTaren etorrera atzeratzeko beldur agertu da Eusko Jaurlaritza

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak zalantzan jarri du AHTa Euskadira 2024an iristeko aurreikuspena.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak aitortu du Eusko Jaurlaritza kezkatuta dagoela Abiadura Handiko Trenaren (AHT) etorrerak izan dezakeen atzerapenarekin. 'Euskal Y' 2024rako martxan egotea aurreikusita dago, baina trenbide zerbitzua “are gehiago atzeratzeko beldur” dela esan du Aizek. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuaren behin-behinekotasun egoerak ez duela laguntzen ohartarazi du, izan ere, orain arte “pilatutako atzerapena besterik ez du handitzen”.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Espainiako jarduneko Gobernuaren Sustapen Ministerioak argitaratu berri duen AHTaren etorrerari buruzko txosten informatiboa izan du hizpide Aizek. Izan ere, trenbide zerbitzuak Gasteizen izango duen tartea burutzeko 872 milioi euro bideratuko dituzte, hasieran aurreikusitakoa baino 150 milioi euro gehiago (% 20).

Hala, Sustapen Ministerioak ostiralean jakitera eman zuen aurrekontuarekin kezkatuta agertu da Aiz, eta hasieran egindako "aurreikuspen ekonomikoarekin” ez datorrela bat gogora ekarri du. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritza kezkatuta dagoela ziurtatu du Aizek, “ez bakarrik aurrekontuan izandako aldaketarekin, baizik eta AHTaren iritsiera eta trenbidea lurperatzeko lanak aurreikusten dituen proiektuarekin ere”.

Testuinguru horretan, AHTak atzerapen "nabarmena" daramala salatu du Aizek, eta Eusko Jaurlaritza "are gehiago atzeratuko den beldur" dela azpimarratu du. "Gure partetik ahal dugun guztia egingo dugu epeak ahalik eta gehien murrizteko", iragarri du Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak.

"AHTaren etorrerak benetako iraultza ekarriko du Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetara. Tren bidezko harremanak 35 eta 40 minutu arteko denbora tartean egongo lirateke lotuta, eta ibilgailu pribatuarekin lehiakorrak izango ginateke", defendatu du Aizek.

Lanen amaiera

2024an AHTa Euskadira iristea bideragarria ote den galdetuta, egoera kritikoak daudela onartu du Aizek, hala nola, "Bilboko eta Gasteizko sarbideak eta geltokiak". Gauzak horrela, "2024. urtean ‘Euskal Y’ martxan egongo den zalantzan jartzen da", esan du.

Bere iritziz, "arazo politikoak edo erabaki politikoen falta” nabarmena izan da trenbide zerbitzuan “lehentasunak ezartzerako orduan”.

Albisteak (1)

Bideoak (1)