PROTESTAK
EAEko pentsiodunek udaletako karguen soldaten igoera salatu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko mugimenduaren arabera, gobernu batek ere ez du jarri martxan pentsioen sistema publikoaren beharrak asetzeko proiekturik.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak hainbat udaletako politikariek soldatak % 20, % 30 eta % 40 igo izana salatu du.
Pentsiodunek Alacanteko Pilar de la Horadada udalerriaren kasua nabarmendu dute Bilboko Udalean egin ohi duten asteroko elkarretaratzean. Dirua "beharrezkoak diren" pentsio publikoetara bideratu beharrean, alkatearen soldata % 160 igo baitute herri horretan.
Udan Bizkaiko pentsiodunak izango dira mobilizazioekin jarraituko duten bakarrak, arabarrek irailaren 16ra arte atzeratu baitituzte, eta gipuzkoarrek ere etenaldi bat egingo dute uztailaren 22tik irailaren 9ra.
Bizkaiko mugimenduaren arabera, gobernu batek ere ez du jarri martxan pentsioen sistema publikoaren beharrak asetzeko proiekturik. Beraz, "irmotasunez jarraituko dugu hurrengo hilabeteetan".
"Ez da bidezkoa alargunek hilean 711 eurorekin bizi behar izatea, baina gobernu autonomikoari ez zaio axola populazioaren % 9 pobrezia arriskuan egotea", adierazi du bozeramaileetako batek.
Elkarretaratzearen pentsiodun gazteak ere izan dituzte hizpide; biztanleriaren % 10 osatzen dute.
"Pertsona hauek lan egin dezakete laguntzak jasotzeari utzi gabe, baina inork ez ditu kontratatzen desgaitasuna dutelako", kritikatu du bozeramaile batek.
Bestalde, Gasteizen ehunka pentsiodun bildu dira udaletxearen aurrean orain arte egindako mobilizazioak aztertzeko, eta, beste behin ere, 1.800 euroko gutxieneko pentsioa eta lan urritasunarekin amaitzea aldarrikatu dute. Udan etenaldia egingo dute eta irailaren 16an ekingo diete berriro mobilizazioei.
Donostian ere ehunka pentsiodun elkartu dira Alderdi Ederren, astelehenero legez, eta manifestazioa egin dute Alde Zaharreko anbulatorioraino. Han 350 firmako idatzia aurkeztu dute langileen eskakizunak babesteko.
Donostiako pentsiodunek mobilizazioekin jarraituko dute uztailaren 22ra arte, eta ondoren geldialdia egingo dute irailaren 9a arte.