Itxi

Zegona

Euskaltelek 25 kaleratze iragarri ditu

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

R Cableko 10 langile, Telecableko 7 eta Euskalteleko 8 botako dituzte. Ez dute baztertu kaleratze gehiago egotea. Langileek bilkura egin dute zuzendaritzaren erabakia salatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jose Miguel Garcia Euskalteleko kontseilari delegatu berriak enpresa batzordeari gaur goizean jakinarazi dionez, 25 langile kaleratuko dituzte. Zehatz jarrita, R Cable enpresako (Galizia) 10 behargin; Telecableko (Asturias), 7 eta Euskalteleko 8 botako dituzte. Ez dute baztertu kaleratze gehiago egotea. Langileek elkarretaratzea egin dute zuzendaritzaren erabakia salatzeko.

Aurrez, Garcia izendatzearekin bat, telekomunikazio enpresako beste 20 bat langile, denak ere zuzendaritza postuetako kideak, kaleratu zituen Euskaltelek. Zegonak enpresaren kontrola hartu zuenetik funts britainiarrak egin asmo duen "berrantolaketaren" baitan kokatu dituzte neurriok. Garciak berak eman dio enpresa batzordeari erabakiaren berri.

Euskaltel taldea osatzen duten enpresa ezberdinetan egingo dituzte kaleratzeak: 10, R Cablen; 7, Telecablen, eta 8, Euskaltelen bertan. Enpresa batzordearen arabera, zuzendaritzak ez du ziurtatu kaleratze gehiago egongo ez direnik.

Euskalteleko zuzendaritzaren iturriek EFEri ziurtatu diotenez,"berrantolaketa honen ondoren, ez dute konpainian egitura aldaketa gehiago egiteko asmorik".

Lau langileri jakinarazi diete jada erabakia, baina gainerakoak komunikatu gabe daude oraindik.

Elkarretaratzea kaleratzeen kontra

Erabakiaren berri izan ostean, elkarretaratzea deitu du enpresa batzordeak, eta dozenaka langile bildu dira eguerdian Derioko egoitzaren aurrean.

Langileek Derioko egoitzaren parean egin dute bilkura, eguerdian. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Javier del Blanco enpresa batzordeko presidentearen (CCOO) hitzetan, "ez dute kaleratzeak arrazoitzeko argudiorik. Langileak kezkatuta daude, edonor izan daitekeelako lanik gabe geratuko dena, kaleratze horietarako ez dagoelako arrazoi zehatzik".

Blancoren aburuz, "badugu lana; ez dago, beraz, ageriko arrazoirik ezta zio ekonomikorik ere kaleratzeok justifikatzeko". Nabarmendu duenez, bota dituzten langile horiek "egoera berrira moldatu ahal ziren, euren profil profesionala egokitu zezaketen, baina zuzendaritza berriak ez du kontuan hartu batzuek 20 urte daramatzatela proiektu honetan, eta merezi zutela urte hauetan egindako lana aintzat hartzea, eta egin zezaketen bidea kontuan hartzea".

"Iragarritako heriotza baten kronika da honakoa. Batzordetik ohartarazi genuen, baina inork ez du ezertxo ere egin", deitoratu du.

"Gogora ekarri behar dugu Euskaltel diru publikoarekin sortu zutela, baina Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek ez dute ezer egin hau guztia saihesteko. Bakarrik utzi gaituzte", erantsi du Blancok.

Enpresa batzordeak iragarri du langileekin aztertuko duela egoera, "hartu beharreko neurriak ondo pentsatuz".

ELA sindikatuaren hitzetan, 25 kaleratzeak langileen aurkako "eraso larria" dira.

"Triskantzari aurre egiteko" Euskalteleko langileak antolatzen "edonola" saiatuko dela iragarri du ELAk agiri batean. Sindikatu abertzalearen ahotan, Zegonaren "helburu bakarra akzioen dibidendua areagotzeko kostuak murriztea da".

"Hau ere albiste ona" ote den galdetu dio sindikatuak Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako sailburuari.

Iragarritako kaleratzeak

Enpresa batzordeak atzo azaldu zuenez, Giza Baliabideen arduradunek duela astebete jakinarazi zieten kaleratze gehiago egongo zirela, data eta kopurua zehaztu ez bazieten ere. Esan zietenez, "ahalik eta doitze txikiena" egin asmo zuten, eta kaleratzeak erabakitzeko irizpideaz galdetuta, arlo jakin batzuetan atzemandako "gehiegizko gaitasuna" izango zela nabarmendu zieten.

Asteon, bestalde, hainbat elkarrizketa eskaini ditu Euskalteleko kontseilari delegatuak, eta horietan aurreratu duenez, "erakunde-egitura sinplifikatu" nahi du, hiru enpresak "errentagarriagoa eta lehiakorragoa" izango den bakarrean bilduta.


Albisteak (4)

Bideoak (1)