Itxi

Bizkaia

Bizkaiko kiroldegietako langileek ez dute lanuzte gehiago egingo uda honetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Irailaren 24an berriro bilduko dira patronalarekin eta batzar horretan jasotzen duten proposamenaren arabera erabakiko dute mobilizazioekin jarraitu ala ez.

Bizkaiko kiroldegietako langileek greba egin dute. ETBko bideo batetik ateratako irudia

Bizkaiko kiroldegietako langileen ordezkariak irailaren 24an bilduko dira Cebek patronalarekin eta ordura arte lanuzte gehiago ez egitea erabaki dute.

Hala jakinarazi dute ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Bilbon gaur goizean egin duten manifestazioa hasi aurretik. Bizkaiko kiroldegietako langileek beste greba-egun bat burutu dute astearte honetan, lan-hitzarmen duin bat aldarrikatzeko.

Isabel Garcia ELA sindikatuko ordezkariak salatu duenez, hainbat enpresak –Guedan Servicios Deportivos eta Emtesport aipatu ditu- beharginen grebarako eskubidea urratu dute, besteak beste, Azkuna Zentroan eta Portugalete edo Leioako kiroldegietan, lanuztearekin bat egin duten langileen ordez beste batzuk kontratatu dituztelako.

Halaber, behin-behineko langileak grebara joan ez zitezen "mehatxatu eta jazarri" egin dituztela salatu dute Lan Ikuskaritzan.

Gaurko lanuztearen jarraipenari dagokionez, "positiboa eta oso altua" izan dela ziurtatu du ELAk, datu zehatzik eman gabe.

Horrez gain, Bizkaiko kiroldegietako erabiltzaileen jarrera eskertu du, "gure arrazoiak ulertu dituztelako eta gure asmoa haiei uda izorratzea ez dela konturatu direlako".

Bestalde, Iñigo Alonso LAB sindikatuko ordezkariak jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko udalen elkarteari (Eudel) gutuna igorri diotela haiekin batzartu eta "lan-gatazka honetan zein jarrera duten eta negoziazioan sartzeko prest dauden jakiteko”.

Ildo berean, greba-batzordeak Bizkaiko udaletara joko du, mozioak aurkezteko eta talde politiko guztiekin biltzeko.

24 orduko lanuzteaz egiteaz gain, Bizkaiko kiroldegietako langileek manifestazioa egin dute goizean Bilboko kaleetan barrena. Martxa udaletxearen parean amaitu dute.

Sektore horretako langileen aldarrikapen nagusiak hauek dira: lan-hitzarmena berritzea, 35 orduko lanaldia ezartzea, soldatak KPIaren gainetik igotzea, liberazioak ematea klaseak eta ikastaroak prestatu ahal izateko, taldeko erabiltzaile edo ikasle kopurua jaistea eta bataz besteko soldata 1.200 eurokoa izatea.

Bideoak (1)