AHT
Adifek AHTren hiru lan esleitu ditu EAEn, ia 200 milioi euroan
Agentziak
Bergarako lotunean bi zati egiteko lanak lizitatu ditu; baita, Gasteiz eta Bilbo lotzen dituen ibilbidean larrialdi irteera berriak eraikitzeko lanak zein Elorrio-Elorrio tartekoak ere.
Bergarako lotunean bi zati egiteko lanak lizitatu ditu Adifek; baita Gasteiz eta Bilbo lotzen dituen ibilbidean, larrialdi irteera berriak eraikitzeko lanak ere. Guztira, 197,1 milioi euro bideratuko dituela iragarri du ostegun honetan Adifeko Administrazio Kontseiluak.
Alde batetik, Adifek Arrasate-Elorrio-Bergarari dagokion Atxondo eta Abadiño lotzeko zatiaren lanak lizitatu ditu 93,2 milioi euroan. Lanek 30 hilabete iraungo dute. Zatiak, berriz, 5,6 kilometroko luzera izateaz gain zortzi biaduktu eta hiru gainbide izango ditu.
Bestetik, Adifek 71.957.516 milioi euroan lizitatu ditu Gasteiz-Bilbo-Donostiari dagozkion Abiadura Handiko Trenaren Elorrio-Elorrio zatiko lanak; lanek 34 hilabete iraungo dute.
Zati horrek 3 kilometroko luzera izango du eta Atxondo-Abadiño zatian hasi eta Elorrio-Bergara zatian amaitu egingo da; Elorriotik (Bizkaia) igaroko da osorik, herri erdigunetik kilometro bat hegoaldera.
Bide nagusiak 14 metroko bi noranzko izango ditu trafiko mistorako: orduko 220 eta 90 kilometroko abiadura harrapatuko dute bidaiarientzako eta merkantzien trenek hurrenez hurren.
Guztira, 1.561 metroko bost biaduktu egingo dituzte; halaber, 206 metroko tunel bat (Zumelegi) egingo dute bi noranzkorekin eta drainatze banarekin noranzko bakoitzarentzat.
Zazpi larrialdi irteera berri
Era berean, Gasteiz-Bilbo-Donostia abiadura handiko tartearen tuneletan, Arabako eta Bizkaiko hiriburuak lotzen dituen ibilbidean, larrialdi irteera berriak eraikitzeko lanak lizitatu ditu Adifek: 30.516.339 euro. Lanak Obras Subterráneas (OSSA) enpresak egingo ditu.
Lanak bukatzeko 27 hilabete beharko dituzte. Eskoriatza, Aramaio, Arrasate, Elorrio, Durango, Izurtza, Zornotza, Lemoa, Galdakao eta Zaratamon ebakuaziorako 10 galeria egingo dituzte zazpi tuneletan.
Iñigo Urkullu lehendakariak ATHko lanetan izandako atzerapenak uztailaren 24an deitoratu ostean onartu ditu Sustapen Ministerioak esleipen berriak. Izan ere, "herritarrentzat ulertezina baita AHTren lanetan ematen ari den atzerapena", esan zuen Urkulluk.
Aitor Esteban EAJko bozeramileak ere AHTren lanak amaitzeko konpromisoa har dezala ohartarazi zion Pedro Sanchezi inbestidura ekitaldian.