CAFek seinaleztapen sistemak berritzeko kontratuak lortu ditu, 120 milioi euroan
eitb.eus
Hainbat kontratu esleitu dizkiote Mediterraneoko Korridorean ADIFentzat eta Esloveniako eta Bulgariako gobernu mailako erakundeentzat.
CAF Signalling filialaren bidez, CAF Taldeari zenbait seinaleztapen sistemak berritzeko kontratuak esleitu dizkiote Espainian, Bulgarian eta Eslovenian. Guztira, 120 milioi euro esleitu dizkiote Gipuzkoako enpresari.
ADIFeko Administrazio Kontseiluak joan den uztailaren 31ko bileran onartu zuen Mediterraneoko korridoreko La Encina-Xativa-Valentzia tartean segurtasuneko instalazioak
hornitzeko kontratua Thales-CAF Signalling partzuergoari esleitzea.
Esloveniako Azpiegituren Ministerioak ISKRA eta CAF Signalling enpresek osatu duten kontsortzioarekin kontratua sinatu du Eslovenia eta Austria arteko mugan, Zidani Most eta Sentilj-eko geltokien arteko segurtasuneko eta seinaleztapeneko sistemak birgaitzeko.
Bestalde, Bulgariako tren arloko azpiegitura kudeatzen duen enpresak, NRICek (National Railways Infrastructure Company) duela gutxi esleitu dio AER Bulgariako enpresak eta CAF Signallingek osatutako "ERTMS CA Voluyak DZZD" kontsortzioari Sofia hiriburua Voluyak udalerriarekin lotzen duen tarteko seinaleztapen- eta telekomunikazio-sistemak birgaitzeko eta modernizatzeko kontratua.