Arrantza
Antxoaren stocka inoizko bigarren unerik onenean dago Bizkaiko golkoan
Agentziak | Erredakzioa
Bioman kanpaina zientifikoaren arabera, biomasa 190.000 tonakoa da, espeziearen jasangarritasuna bermatzeko ezarritako gutxienekoa (21.000) baino nabarmen handiagoa.
Antxoaren behin-behineko biomasa inoizko bigarren unerik onenean dago aurten, 190.000 tona inguruan, Bioman kanpaina zientifikoak emandako datuen arabera. AZTI zentro teknologikoa 1987an hasi zen antxoaren stocka neurtzen, eta ordutik jasotako bigarren datu onena da honakoa. Izan ere, espeziearen jasangarritasuna bermatzeko gutxieneko kopurua 21.000 tonakoa da, eta hori aise gainditzen du egungo biomasak. Iaz inoizko daturik onenak jaso zituzten AZTIko ikertzaileek.
Bioman kanpainak antxoa helduaren populazioa ebaluatzen du, kudeaketa jasangarri bat helburu. Antxoa da euskal arrantzaleen zein Kantauriko kostaldearen ekonomiaren zutabeetako bat.
Udaberrian egin dute ikerketa, eguneko arrautza ekoizpenaren metodoaren bidez (MPHD), antxoaren ugalketa eremu osoan (Bizkaiko golkoan) azterketa eta laginketa batzuk eginez.
AZTIko ikertzaileak plankton laginak jasotzeaz arduratu dira, plankton horretatik antxoek errundako arrautzak ateratzeko. Lan hori osatzeko, antxoa helduaren aleak jaso dira, ondoren haien batez besteko ugalkortasuna kalkulatzeko, hau da, antxoa eme bakoitzak batez beste erruten dituen arrautzak.
"Plankton laginak jaso eta horietatik antxoek errundako arrautzak atera ditugu. Lan hori osatzeko, antxoa helduaren aleak jaso ditugu, ondoren haien batez besteko ugalkortasuna kalkulatzeko, hau da, antxoa eme bakoitzak batez beste erruten dituen arrautzak", azaldu du Maria Santos AZTIko Bioman kanpainako arduradunak.
Planktonean aurkitutako arrautza kopuruaren eta antxoa emeek batez beste erruten duten arrautza kopuruaren artean dagoen erlazioarekin kalkula dezakete AZTIko ikertzaileek antxoaren biomasa.
Ikerketa hori osatzeko Juvena kanpaina egingo dute udazkenean. Horrekin antxoa gazteen kopurua eta banaketa espaziala zehaztu, espeziearen egoera aztertu eta biziraupenean eragin dezaketen faktoreak analizatuko dituzte.