Onlineko publizitatea
Google ikertuko dute AEBn monopolioagatik
Agentziak | Erredakzioa
Ikerketak Alphabet du abiapuntu, alegia, Interneteko publizitatearen komertzializazioarekin aritzen den filiala.
Ameriketako Estatu Batuetako 48 estatutako fiskal nagusiek, Columbiako Barrutiak eta Puerto Ricok ikerketa abiatu dute Googleren aurka, monopolioagatik. Ikerketak, hain zuzen ere, Alphabet du abiapuntu, alegia, Interneteko publizitatearen komertzializazioarekin aritzen den filiala.
"Merkatu libreko lehiarik ez dagoenean, prezioek gora egiten dute, zerbait libre balitz bezala ere saldu egiten da, eta horrek kontsumitzaileei kalte egiten die", azaldu du Ashley Moody Floridako fiskal nagusiak, AEBko hedabideek jasotzen dutenez.
"Benetan librea da, gure pribatutasunaren gainean geroz eta zalantza gehiago daudenean? Benetan librea da, onlineko publizitatearen prezioek gora egiten dutenean, enpresa bakar baten kontrolagatik?", nabarmendu du.
Karl Racine Columbiako Barrutiko fiskal nagusiak, bere aldetik, ez du baztertu ikerketa handi honen eta Facebooken aurka abian dagoenaren arteko koordinazioa egotea (New Yorkeko fiskal nagusia ari da zuzentzen azken ikerketa hori). "Aztertuko dugu", zehaztu du Racinek, prentsaurrekoan.
Doug Peterson Nebraskako fiskal nagusiaren iritziz, ezinbestekoa da Justizia Departamentuak eta nazioarteko eragileek elkarrekin lan egitea. "Oso adierazgarria da Erresuma Batua, Frantzia, Australia eta Europar Batzordea ikertzen ibiltzea. Ematen du kontu garrantzitsua dela", argudiatu du.
Orain arte, Facebookek eta Googlek isunak jaso dituzte, pribatutasunaren araudia ez betetzeagatik, baina, euren mozkinak kontuan izanik, zenbatekoak txikiak dira. Monopolioagatik abiatutako ikerketa honek, hala ere, enpresa horien negozio-eredua bera mehatxatu lezake; izan ere, aukera legoke Googleren bilaketa-algoritmoa agerian uzteko, eta, halaber, konpainiaren zati osoak ere banatu litezke, YouTube kasu.