Itxi

Lege-aurreproiektua

Kontsumobidek kontsumitzailearentzako kalte-ordaina zehaztu ahalko du arau-hausteetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Berritasun juridikoa da, eta Euskadiko Kontsumitzaileen Estatutuaren lege-aurreproiektuan agertzen da.

Kontsumitzaileek kalte-ordaina jaso lezakete, lege berriarekin. Argazkia: EFE.

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak kontsumitzailearentzako kalte-ordain bat zehazteko aukera izango du, enpresa batek kontsumitzaile horri kalte eginez gero. Arau-haustea dagoenean, beraz, enpresarentzako zigorrez gain, kontsumitzaileak kalte-ordaina jaso lezake.

Berritasun juridikoa da, eta orain arte Autonomia Erkidego batek ere ez du proposatu. Euskadiko Kontsumitzaileen Estatutuaren lege-aurreproiektuan agertzen da, ostegun honetan aurkeztua, Bilbon, Sonia Perez Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren eskutik.

2020ko erdialdera onar liteke lege berria, dagokion parlamentu-izapidea gaindituta. Indarrean dagoen kontsumoaren legea ordezkatuko luke, duela hamabost urte onartutakoa. Lege berriaren helburua kontsumo-ohitura berrietara (telefonoz edo Interneten bidez egindako erosketara) egokitzea da, bai eta europar legeriara ere.

Aurreproiektuaren arabera, enpresa batek arau-haustea gauzatzekotan, Administraritzak gaitasuna izango du kaltetutako kontsumitzailearentzako kalte-ordaina zehazteko, dagokion zigor administratiboaz gain.

Sailburuaren esanetan, asmoa kontsumitzailearen babesa indartzea da; izan ere, egun, kalterik pairatu eta Kontsumobidera jotzekotan, ez da ordainik jasotzen. Salaketa bat jarrita, prozedura abiatzen da, baina bi alde soilik daude horretan: Administraritza eta enpresa arau-hauslea.

Lege-aurreproiektuak, aitzitik, erabiltzaileak prozeduran agertzeko aukera izatea aurreikusten du. Behin pairatutako kalteak egiaztatuta, Kontsumobidek adostu ahalko du, zigorren artean, dagokion kalte-ordaina.

Enpresak kalte-ordain hori ordainduko ez balu, Administraritzak gauzatu ahalko luke, eta bahitura bat egin lezake. Enpresa arau-hausleak eta kontsumitzaileak Kontsumobidek zehaztutako kalte-ordainarekin ados ez baleude, aukera izango lukete auzitegietara jotzeko.

Kontsumo-ikuskaritza indartuko dute

Lege berriak, halaber, kontsumo-ikuskaritza indartuko du. Europa mailako ildo nagusiei jarraituz, eta orain ez bezala, ikuskatzaileek baimena izango dute euren datuak ez emateko, horrek euren lana zapuztu ahalko balu. Gainera, ikuskatzaileek laginak hartu eta froga-erosketak egin ahalko dituzte, ikuskatzaileak direla esan gabe; horrela, egiaztatuko dute produktuek bat egiten dutela eskakizun legalekin.

Sailburuak adierazi du aurreproiektuak kontsumo arduratsua bultzatu nahi duela, "arrazionaltasun- eta jasangarritasun-irizpideak kontuan izanik"; erdeinatutako pertsonen eta kolektiboen babesa sustatzea ere du asmoa.

Legearen beste berritasun bat da zerbitzuetako enpresek informazioa eman beharko dutela, kontratatu aurretik, kasu jakin batzuetan izan litzaketen gorabeheren inguruan; hain zuzen ere, mantentze-lanetan, jende asko dagoen egoeretan edo baldintza meteorologikoen ondorioz izan litzaketen gorabeheren inguruan. Hortaz, erabiltzaileek jakingo dute zein egoeratan dagoen autopista bat edo jolas-parke bat, adibidez, erabiliko dituen ala ez erabaki aurretik.