Trumpen muga-zergak
Zer ondorio izan ditzakete Trumpek iragarritako zergek euskal ekonomian?
eitb.eus
Trumpek abiatutako zerga-gerran, sektore aeronautikoa eta ardoaren sektorea izango lirateke kaltetuenak.
Donald Trump AEBko presidenteak Europar Batasunaren aurka iragarritako muga-zergek ondorio “kezkagarriak” izan ditzakete EAEko ekonomian, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez.
Horren ildotik, sektore kaltetuena aeronautikoa izan liteke; izan ere, iaz, 245 milioi euroko salmentak egin zituzten AEBn, hau da, ekoizpen osoaren % 15.
Ardoaren sektorean ere kezkatuta daude, Arabako Errioxako ekoizleak batik bat. Haientzat AEB bigarren herrialdea da salmentei dagokienez, eta hirugarrena bolumena kontuan hartuta. Iaz, milioi bat botila saldu zituzten bertan (7 milioi euro; ekoizpenaren % 30). Gainera, Italiari, Arabako Errioxaren lehiakide nagusiari, ez dio zergarik jarriko Trumpek.
Dena dela, Arabako Errioxa ez da kaltetutako ardo bakarra izango: txakolinak ere AEB du atzerriko bezero nagusi. Adibidez, Getariako Txakolinak ekoizpenaren erdia saltzen du herrialde horretan.
Aeronautikaz eta ardoaz gain, Idiazabal gaztak ere zergen ondorioak pairatu ditzake, AEBko salmentak oso handiak ez badira ere. Izan ere, haren lehiakide nagusia Gaztela-Mantxako gazta da, eta orain gerta liteke beste merkatu batzuetan barrena egitea, zerga estatubatuarretatik ihesi.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak ohartarazi du zergak “oso kezkagarriak” direla, eta “AEBren eta Txinaren mehatxuei erantzutea” eskatu dio Europar Batasunari. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak ere aitortu du Trumpen zergek ondorioak izango dituztela EAEko ekonomian.