Enpresak
Euskaltelen telekomunikazio sarea saltzeko asmoa dauka Zegonak
Agentziak
Euskaltelen sarea saltzeko ideia "ez da berria", Erkorekaren esanetan, Zegonak enpresaren kontrola eskuratu aurrekoa dela ziurtatu baitu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zegona Euskalteleko akziodun nagusiak Taldearen telekomunikazio sarea (zuntz optikoa) saltzeko asmoa agertu du, Estatuan abiatu duen hedatze prozesua finantzatu eta zorrak murrizteko helburuarekin, Eamonn O'Hare funts britainiarreko kontseilariak joan den astean analisten aurrean jakitera eman zuenez.
Eamoon O'Haren esanetan, azpiegitura digitalean inbertitzeko gura duten enpresak daude, eta Euskaltelek "sare zoragarria" eta Estatuko "onenetarikoa" dauka.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, Euskaltelen sarea saltzeko ideia "ez da berria". Zegonak enpresaren kontrola eskuratu aurrekoa dela ziurtatu du.
Izan ere, "behin baino gehiagotan" aztertu da sarea saltzeko aukera azken bi urteetan, bozeramailearen hitzetan. Hala ere, Erkorekak azaldu du neurri hori ez dagoela Administrazio Kontseiluaren agendan sartzeko "zorian", alegia, "berehala formalizatzeko akordio gisa".
Euskaltel "legezko berme guztiekin eta Eusko Jaurlaritzaren berariazko babesarekin" pribatizatu zela azaldu du Erkoreak. Beraz, Eusko Jaurlaritzak "gutxi" egin dezake "jatorrian publikoa zen baina orain jabetza pribatukoa den ondasun bat erreskatatzeko edo haren baldintzak aldatzeko", esan du.
Euskalteko iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez, Taldeko Administrazio Kontseiluaren "mahaia gainean" ez da dago oraingoz gai hori.
Enpresa batzordearentzat "oso txarra" da salmenta
Javier Blanco Euskaltelen enpresa batzordearen presidenteak uste du telekomunikazio sarea saltzeko asmoa "oso txarra" dela, enpresa "deskapitalizatzen" duelako. Gainera, jatorria inbertsio publikoan duten enpresei eusteko ahalegina egitea eskatu die erakundeei.
Radio Euskadin azaldu duenez, "diru-publikotik sortutako ondare batekin espekulatzen ari dira eta, gainera, horrek eragina izango du langileengan, besten behin ere".
EH Bilduk Jaurlaritzari eta Kutxabanki egotzi die errua
EH Bilduk Eusko Jaurlaritza eta Kutxabank jo ditu Euskaltelen "espoliazioaren" errudun, horien "konplizitaterik gabe ezinezkoa" izango litzatekeelako telekomunikazio enpresaren "deserrotze" prozesua.
Iker Casanova legebiltzarkideak ekainean ohartarazi zuen, Euskaltel Zegonaren kontrolpean egonik, hurrengo pausoa zuntz optikoa saltzea izango zela, "ondare nagusia" saltzea, alegia.
Diru publikoarekin sortutako azpiegitura hori "esku pribatuak aberasteko" erabiltzea salatu du, eta Euskaltelek "Euskal Herriarekiko duen loturaren desnaturalizazioa" gaitzetsi.
EH Bilduren parlamentariak Iñigo Urkulluren Jaurlaritzari eta Kutxabanki "norabide aldaketa" eskatu die, akzioak erosita Euskaltelen kontrola berreskuratzeko.