Itxi

Krisi ekonomikoa

Munduko herrialde gehienetan atzeraldi ekonomikoa izango dela ohartarazi du NDFk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Txina eta Estatu Batuen arteko merkataritza gerrak eta hainbat gatazka geopolitikok eragingo dute balizko geldialdi ekonomikoa.

Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari berria. Argazkia: EFE

Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendari berriak ohartarazi du munduko herrialdeen % 90 atzeraldi ekonomikoan sartuko direla aurten.

Georgievak gaur egin du bere lehen agerraldia NDFko zuzendari gisa, Christine Lagardek utzitako kargua hartu zuenetik. Lagarde Europako Banku Zentraleko presidente berria izango da.

"2019an, hazkundea geldoa izango da munduko herrialdeen % 90ean. Munduko ekonomia atzeraldi sinkronizatuan sartu da", adierazi du Washingtonen, NDFren egoitzan, eskaini duen hitzaldian.

Ekonomialari bulgariarrak esan duenez, "geldialdia orokorra da eta, ondorioz, aurten azken hamarkadako hazkunderik motelena izango dugu; zenbakiek egoera konplexua aurreikusten dute", erantsi du.

NDFk eta Munduko Bankuak astebete barru egingo dute urteko batzar nagusia. Nazioarteko ekonomia ministroek eta mundu osoko banku zentraletako zuzendariek hartuko dute parte bileran eta orduan emango dituzte datu zehatzagoak.

Alabaina, Georgievak aurreratu du joan den uztailean iragarritakoak baino baxuagoak izango direla aurreikuspen ekonomikoak. 2019an, ekonomiaren hazkundea % 3,2koa izango zela, eta 2020an %3,5ekoa, iragarri zuten orduan.   

NDFko zuzendariaren arabera, Ameriketako Estatu Batuetako, Japoniako eta euro-guneko ekonomia aurreratuak "ahultzen ari dira". Goraka egiten ari diren merkatuen kasuan -Indian edo Brasilen, esaterako-, atzeraldi ekonomikoa nabarmenagoa izango dela ohartarazi du.

Txinaren hazkunde ekonomikoa, berriz, "pixkanaka-pixkanaka behera egiten ari da, urte askotan goraka ibili ostean".

Geldialdi ekonomikoaren arrazoi nagusien artean, Georgievak ondoko hauek aipatu ditu: Txina eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritza gerra, gatazka geopolitiko ezberdinak eta balizko brexit-a.  

 

 

 

 

 

 

Albisteak (1)