Lan-gatazka
Sindikatuek bi asteko greba deitu dute Bizkaiko kiroldegietan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lan-hitzarmena aldarrikatzeko lanuzteak urriaren 28tik azaroaren 10era bitartean egingo dituzte.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bi asteko greba deitu Bizkaiko igerileku eta kiroldegietan. Lanuzteak urriaren 28tik azaroaren 10era bitartean izango dira.
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, gaur goizean erregistratu dute grebarako deialdia. 2.000 langile inguru aritzen dira Bizkaiko udal kiroldegietan eta klub pribatuetan beharrean.
Sektore horretarako lan-hitzarmen bat adostea eskatzen dute. Besteak beste, hauek dira beren aldarrikapenak: soldata igotzea, erreferentziazko lanaldia ezartzea –langileen % 80k kontratu partzialak dituzte-, jaiegunetan lan egiteagatik jasotako konpentsazioa hobetzea eta kategoria profesional bakoitzaren funtzioak zehaztea.
Bizkaiko kiroldegietako langileek hainbat mobilizazio eta greba egin zituzten uda hasieran beren lan-baldintzak hobetzea eskatzeko. Uda amaituta, berriro abiaraziko dituzte mobilizazioak.