2016-2017KO LAN ESKAINTZA
Osakidetzako LEPa ikertzen ari den epaitegiak azterketa batzuk konfiskatu ditu
EITB.EUS
Digestio-aparatua, Angiologia eta Anestesiologia kategorietako probak dira atzemandakoak. Hain justu, espezialitate horietako hiru mediku ikerketapean daude, probak filtratu dituztelakoan.
Osakidetzaren azken lan-eskaintza publikoan ustez egindako filtrazioak ikertzen ari den epaitegiak susmopean dauden hainbat azterketa konfiskatu ditu. Agindua Gasteizko 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak eman du. Atzo bertan, Osakidetzak bertan behera utzi zituen, behin-behinean, ikerketapean dauden 11 hautaketa-prozesuak.
El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez, Digestio-aparatua, Angiologia eta Anestesiologia kategorietako probak dira atzemandakoak. Hain justu, espezialitate horietako hiru zerbitzuburu (Jose Luis Cabriada, Maria Reyes Vega eta Cesar Augusto Valero) ikertzen ari da epailea, oposiziogile batzuei probak ustez filtratzeagatik.
Egunkari horrek auziren gertuko iturriak aipatuta jaso duenez, laster aginduko du epaileak susmopean dauden beste zortzi kategorietako azterketak ere konfiskatzea.