Itxi

Hiri-garraioa

Uber 20 bat ibilgailurekin iritsi da Bilbora

EITB.EUS

Leer en Castellano

Etorkizunera begira, zerbitzua beste toki batzuetara hedatzea du helburu. 20 bat auto eskainiko ditu UberX aplikazioaren bitartez.

Uber zerbitzuko erabiltzaile bat. Artxiboko argazkia: EiTB

Uber Bilbon da jada. Alokairuko auto txoferdunak (VTC) eskaintzen dituen konpainia estatubatuarra isilean iritsi da Bizkaiko hiriburura, bere zerbitzua lurralde osora zabaltzeko asmoz. Zehazki, bere webgunean edo aplikazioan izena ematen duten gidariak eta bidaiariak elkartzen dituen multinazionalak 20 bat ibilgailu eskainiko ditu Bizkaiko hiriburuan, UberX aplikazioaren bitartez.

Etorkizunera begira, bere zerbitzua inguruko beste toki batzuetara hedatzea du helburu. Dena dela, herritarren mugikortasuna errazteko asmoa duen plataformak aitortu du hastapenak zailak direla, eta, horregatik, momentuz Bizkaiko hiriburuan arituko dela bakarrik.

Horren aurrean, astelehenean euskal taxilarien elkartearekin eta VTC lizentziak dituzten gidariekin bilera egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak.

Uber Bilbora iritsi berritan, Bilbon eskuragarri dauden taxiak geolokalizatzeko sistema bat martxan jartzea aztertzen ari da Udala, eskaera handia dagoenean herritarrei erantzun egokia eman ahal izateko. Izan ere, hirian ekitaldi jendetsuak daudenean edota euria ari duenean, ohi baino taxi gehiago eskatzen dira.

Ildo horretatik, egun libreak dituzten taxilariei egun horietan ere lan egiteko aukera ematea aztertzen ari da Udala, azken egunetan hirian izan den eskaintzaren "defizit puntuala saihesteko asmoz". Udalak hiriko taxi-elkarteekin adostu nahi du neurria, eta, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, unean-unean Bilbon zenbat taxi dauden eskuragarri jakin nahi du: "Eskaintza hobea egiten laguntzea da helburua”.

Enpresa estatubatuarrak nazioarteko ehunka hiritan eskaintzen du zerbitzua, besteak beste, Txile, Ekuador eta Peruko hirietan, baina leku askotan horren etorrerak polemika piztu du. Gainera, Bartzelonan VTC bat aldez aurretik eskatzera behartzen duen araudia aldatu arte hirian ez zuela berriro zerbitzurik eskainiko iragarri zuen konpainia horrek duela gutxi.

"Taxilariek eskaintzen duten zerbitzua ezin du beste batek eskaini"

Alfonso Gil Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak gain honen inguruan duen iritzia argi utzi zuen duela hilabete batzuk, konpainia horretako ordezkariekin bildu aurretik. Zinegotziaren aburuz, hiriko egunerokotasunarekin bateragarri egin beharko ditu Uberrek bere zerbitzuak. “Alokairuko auto txoferdun batek pertsona bat hartzea eta Bizkaian zehar eramatea eta taxien zerbitzua bateragarriak izan daitezke. Bateragarri ez dena da taxilariek eskaintzen duten zerbitzu berdina eskaintzea”, azaldu zuen.

Nola erabili daiteke Uberren zerbitzua?

Lehenik eta behin, konpainiaren webgunean edo aplikazioan izena eman behar da. Helbide elektroniko bat eta telefono-zenbaki bat besterik ez da behar hiri-garraioko zerbitzu hori erabili ahal izateko. Ondoren, erabiltzaileak ibilgailua non hartu eta nora joan nahi duen adierazten du, konpainiak une horretan gertu dagoen gidari bat bidaltzeko.

Mapa baten bidez, gidariari lekura iristeko falta zaion denbora kontrolatzeko aukera ematen dio plataformak erabiltzaileari. Hala, helmugara iritsitakoan, "erraz ordaintzeko aukera" ematen du. Bere webgunean, multinazionalak hainbat aholku ematen ditu "une oro bidaia lasaiak egiteko”, baita gidariari propina eskaintzeko ere.

Bidaiaren prezioari dagokionez, bidaia onartu aurretik kalkulatzen da. Horretarako, hiru alderdi hartzen dira kontuan: oinarrizko prezioa (denboraren eta distantziaren arabera), erreserbako prezioa (hiriaren arabera) eta zerbitzua eskatzen den ordua (eskaera handia badago, prezioa garestitu egiten da).