Kaleratzeak
Siemens Gamesa konpaniak 600 langile kanporatuko ditu datozen bi urteotan
Agentziak
Taldeak 140 milioi euroko irabazi garbia izan du 2019ko ekitaldi fiskalean, hau da, aurreko urteko irabaziak bikoiztu ditu.
Siemens Gamesa aerosorgailuen fabrikatzailea gaur goizean hasiko da langileen ordezkariekin negoziatzen mundu osoko bulegoetako 600 langile arteko murrizketa. Kaleratzeak datozen bi urteetan egingo dituzte.
Konpainiak astearte honetan aurkeztu ditu 2019ko urte fiskalari dagozkion emaitzak (bikoiztu egin ditu irabaziak), eta urteko kontuen berri eman du prentsa-ohar baten bidez; langileen murrizketak, funtsean, lurreko eolikoaren negozio-unitateari eta arlo korporatiboei eragingo die.
Haize-sorgailuen fabrikatzaileak azaldu duenez, murrizketa lehiakortasuna handitzeko helburua lortzeko egingo dute, "epe luzerako lidergo eta hazkunde errentagarria ziurtatzeko, industria aldakor batean bezeroen beharrei erantzun ahal izateko".
Siemens Gamesak bikoiztu egin du bere mozkina
Siemens Gamesaren akzioak % 13 baino gehiago jaitsi dira saioaren hasieran. Taldeak 140 milioi euro irabazi ditu 2019ko urte fiskalean (irailean itxi dute), aurreko ekitaldiko kopurua bikoiztuz.
Urte fiskaleko laugarren hiruhilekoan (uztaila-iraila) 52 milioi euro irabazi ditu konpainiak, iaz epe berean lortutako emaitza ere bikoiztuz.
Bestalde, taldearen salmentak 10.227 milioi eurokoak izan dira 2019ko ekitaldi fiskalean (% 12,1 gehiago); laugarren hiruhilekoan, berriz, 2.944 milioi eurokoak izan dira (% 12,4 gehiago), eta salmentak % 22 hazi dira epe horretan, lurreko haize-sorgailuen bolumen handiak bultzatuta.