Itxi

Dekretua

Alokairuko auto txoferdunen dekretuak legezkotasuna betetzen duela dio Jaurlaritzak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Arantxa Tapia sailburuak Lehiaren Euskal Agintaritzak egindako txostenari erantzun dio; txostenaren arabera, dekretuaren neurri batzuk "diskriminatzaileak" eta "murriztaileak" dira.

Arantxa Tapia, ostiral honetan, Basaurin. Argazkia: EFE.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak ostiral honetan adierazi duenez, alokairuko auto txoferdunen gaineko Eusko Jaurlaritzaren dekretu-proiektuak legezkotasuna betetzen du. Hortaz, horren tramitazioarekin jarraituko dute, Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostena gorabehera, zeinak dekretuaren neurri batzuk "diskriminatzailetzat" eta "murriztailetzat" jotzen dituen. Hain zuzen, alokairuko auto txoferdunak gutxienez hogeita hamar minutuko aurrerapenarekin hartzeko beharrari egiten dio aipamena.

Basaurin galdetu diote horri buruz Arantxa Tapiari, bisita egin baitu Sidenorrek bertan duen fabrikan. Tapiak esan du errespetatzen duela Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostena, baina zehaztu du Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuak "guztiz betetzen duela indarrean dagoen legea", eta Jaurlaritzak "garraio moduak arautzeko eskumena" duela.

Azaldu duenez, testuaren jatorria "Sustapen Ministerioaren iazko errege dekretua da", eta, gainera, "Lur Garraioko Antolamenduaren Legea bete behar du. Guztiz betetzen du", adierazi du.

Sustapen Ministerioaren eta Estatuko Abokatutzaren aldeko txostenak

Sailburuak ziurtatu du, horrez gain, Sustapen Ministerioaren eta Estatuko Abokatutzaren txostenak "aldekoak" direla: "Horrek esan nahi du legezkotasunarekin bat egiten ari garela".

Tapiak berretsi du Jaurlaritzak "guztiz" errespetatzen duela Lehiaren Euskal Agintaritzak dioena, baina, zehaztu duenez, horrek, "batzuetan, ibilgailuak erabiltzen dituzten plataformei egiten die aipamena"; Jaurlaritzaren dekretuak, baina, "ez du jarduera hori arautzen; izan ere, jarduera pribatua da".

"Guk arautzeko eskumena izan behar dugu; alegia, taxiaren bidezko eta lizentzia berezia duten auto txoferdunak erabiliz egindako lur-garraioa arautu ahal dugu", gehitu du. "Erregistroak egiteko beharra legezkotasunarekin bat doa, bai eta aldez aurretik kontratatzeko beharra eta ibilgailuak euren basean edo taxi-geltokietan egoteko derrigortasuna ere (hau da, ez errepidean)".

Zerbitzua gutxienez hogeita hamar minutuko aurrerapenarekin kontratatzeko derrigortasunaz, Tapiak esan du Estatuko errege dekretuak zehazten duela "gehienez hemendik lau urtera, alokairuko auto txoferdunek hiriarteko garraioa egin beharko dutela soilik, ez hirikoa"; hortaz, "hiriarteko arloan lan egiten duten Euskadiko lizentziak kontuan hartuz gero, 30 minutu horiek, oztopoa baino gehiago, eskatzen duenarentzako bermea dira".

Gutxienez hogeita hamar minutuko aurrerapena

Lehiaren Euskal Agintaritzak ostegun honetan aurkeztu du bere txostena, eta Arantxa Tapiak horren harira egin ditu adierazpenak. Txostenean "diskriminatzailetzat" eta "murriztailetzat" jotzen da erabiltzaileek gutxienez 30 minutuko aurrerapenarekin kontratatu behar izatea alokairuko auto txoferdunen zerbitzua.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren iritziz, dekretu-proiektuan ez dago "inolaz ere ez" egiaztatuta neurriak 2018ko errege lege dekretuak ezarritako helburura bideratuta egotea. Errege lege dekretu horren helburua da autonomia-erkidegoen araudiek bidaiarien barne-mugikortasuna hobetzea bilatzea edo zerbitzuak emateko baldintzak modu eraginkorrean kontrolatzen direla bermatzea.

Albisteak (2)