aurrekontuen negoziazioa
Erkoreka: 'Elkarrekin Podemos da ituna lortzeko borondate argia agertu duen bakarra'
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako bozeramailea pozik agertu da koalizio morearen jarrerarekin, baina beste taldeekin negoziatzeko prest dagoela ere nabarmendu du.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, "gaur-gaurkoz Elkarrekin Podemos izan da aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko borondate argia agertu duen oposizioko talde bakarra".
Koalizio morearen jarrera "zintzo eta leiala" goraipatu du Erkorekak Gobernu bileraren ondotik eskainitako prentsaurrekoan. "Positiboa da akordioa posible dela pentsatzeko itxaropena izan dezakegulako", erantsi du.
Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza talde guztiekin negoziatzeko prest dago (EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osoa aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko), baina aitortu du "gaur-gaurkoz" adostasunera heltzeko borondatea azaldu duen bakarra Elkarrekin Podemos izan dela. Bozeramaileak esan du koalizioarekin "etengabe" ari direla dokumentuak trukatzen.
EH Bilduk aurrekontuen inguruan egin duen proposamenari buruz galdetuta, Erkorekak esan du Ogasun sailburuak ez duela oraindik aztertzerik izan, eta datozen orduetan jakinarazi duela aurreneko balorazio bat.
Azkenik, Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du oraingoz ez dutela Alderdi Popularrarekin bilerarik hitzartu.