LEP-a
Osakidetzak 3.103 lanpostuko lan-eskaintza publikoa iragarri du
eitb.eus
Eskainitako plazen artean, azken bi urteetan bete gabeko lanpostuez gain, 953 lanpostu berri daude.
Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren lan-eskaintza publiko (LEP) berri baten deialdia onartu du astearte honetan gobernu bileran. Euskal Osasun Zerbitzuan inoiz egin den plantilla-handitzerik garrantzitsuena da, 3.103 lanposturekin. Azterketak 2020an hasiko dira, eta hurrengo hiru urteetan egingo dira, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.
Eskainitako plazen artean, azken bi urteetan bete gabeko lanpostuez gain, 953 lanpostu berri daude, "Osakidetzaren historian egingo den plantilla-handitze garrantzitsuenaren baitan".
Testuinguru horretan, deialdi berri hori Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkor eta kalitatezkoaren alde duen konpromisoaren beste adibide argi bat dela nabarmendu du Nekane Murga Osasun sailburuak.
Zehazki, lan-eskaintza publiko honek 3.103 lanpostu izango ditu, honela banakatuta:
- 2018. urteko 1.083 birjarpen-plaza, 2017. urtean erretiroa hartu duten edo hil diren pertsonei dagozkienak.
- 2019ko 1.067 birjarpen-plaza. Kopuru hori 2018an erretiratutako edo hildako pertsonei dagokie.
- Eta, azkenik, 953 lanpostu berri sortuko dira. Plaza horiek egonkortasun-tasari erantzuten diote.
Plaza berri horiek sortzearen helburua da osasun-eskari gero eta handiagoari erantzutea, belaunaldi-erreleboaren beharra, zerbitzu eta azpiegitura berriak martxan jartzea, eta inpaktu handiko plan eta proiektu estrategikoak bultzatzea.
Hurbilen daudenen artean, Lehen Mailako Arretako Estrategia, Euskadiko Plan Onkologikoa, Zainketa aringarrien Plana edo C hepatitisa artatzeko Estrategia daude, "behar bezala prestatutako eta kualifikatutako profesionalak izatea eskatzen dutenak", proiektu horiek behar bezala jorratu ahal izateko.
Deialdi horrekin, Osakidetzaren plantilla 26.543 langiletik 27.496 langilera igaroko da. Horrek esan nahi du behin-behinekotasuna % 4 murriztuko dela.
Ildo horretatik, Euskal Osasun Zerbitzuaren historian egin den plantilla-handitzerik garrantzitsuena da. Osakidetzarentzat, handitze hori mugarri bat da, eta aukera emango die langileei egonkortasun handiagoa emateko eta kontratazioaren kalitatea hobetzeko.