Aurreikuspen ekonomikoak
Ekonomia egonkortu egingo dela eta % 1,9 haziko dela 2020an iragarri du Jaurlaritzak
agentziak | erredakzioa
2019an eta 2020an enplegua % 1,6 eta % 1,2 haziko omen da, hurrenez hurren. Hau da, 2019an 15.500 lanpostu eta 2020an 11.500 lanpostu sortuko direla aurreikusi dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak mantsotze ekonomikoaren amaiera eta egonkortasunaren hasiera antzeman du euskal ekonomian, Ogasun eta Ekonomia Sailak gaur argitaratu duen txostenean agertzen denez.
Hala, 2019ko hazkundea % 2,2koa eta 2020koa % 1,9koa izango dela espero dute. Azken horren kasuan, irailean aurreikusitakoa baino hamarren bat txikiagoa da.
Enpleguari dagokionez, 2019an eta 2020an % 1,6 eta % 1,2 haziko omen da, hurrenez hurren. Hau da, 2019an 15.500 lanpostu eta 2020an 11.500 lanpostu sortuko direla aurreikusi dute.
Langabeziaren aurreikuspenak hobetu egin dira, eta % 9,7an kokatuko omen da 2019an, eta % 9,6an 2020an, irailean aurreratutakoa baino bi hamarren beherago.
2019ko hirugarren hiruhilekoan euskal ekonomia % 2,1 hazi zen, lehenengo seihilekoan baino hamarren bat gehiago. Horrek Barne Produktu Gordinaren nolabaiteko egonkortasuna erakusten du, urte osorako datuak % 2,2ari eusten baitio.
Esportazioen eta inportazioen balantzea ia neutroa da: nazioarteko merkataritzari eragiten dieten mehatxuak, 'brexit'ak eta Txinaren eta AEBen arteko gerra komertzialak, konpontzeko bidean daude, baina hirugarren hiruhilekoan puri-purian zeuden eta euskal enpresen salerosketei eragin zieten.
Erresuma Batsua da kanpoko merkataritzan EAEk bizi duen geldialdiaren salbuespena. Merkatu horretan % 38 hazi ziren euskal produktuen salmentak hirugarren hiruhilekoan.
Hazkunde horren oinarrian trenbide bidezko ibilgailuen salmenta dago, 222 milioi euro jaso baitzituen euskal industriak bide horretatik.
2020an industriak bere onera itzultzen jarraituko duela espero da, % 1,1eko hazkundearekin hain zuzen ere (aurten baino lau hamarren gehiago). Eraikuntzaren eta zerbitzuen sektoreek, berriz, behera egiten jarraituko omen dute.