Etxebizitza
Emantzipaziorako laguntzak jasotzeko diru-sarrera muga altxatuko du Jaurlaritzak
agentziak | erredakzioa
Kupo berriak ezarriko dituzte etxe berriak emateko ere, eta % 40a 35 urtetik beherakoentzat izango da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak gazteei emantzipatzen laguntzeko Gaztelagun programako laguntzak jasotzeko diru-sarrera muga igoko du 2020tik aurrera. Hala, pertsona bakarraren kasuan 18.000 eurokoa izango da muga; 24.000 eurokoa, bi pertsonaren kasuan; eta 28.000koa hiru pertsona edo gehiagoren kasuan, Pedro Jauregui Etxebizitza sailburuordeak jakitera eman duenez.
Jaureguik Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Gaztelagun programak, diru-sarrera erregularrak dituzten 18 eta 35 urte artekoei zuzenduak, 1.500 eskaera jaso eta 800 bat laguntza eman ditu.
Sailburuordeak jakinarazi du Jaurlaritzak dekretu bat onartuko duela gaur bertan Gaztelagun programara jo ahal izateko diru-sarrera muga igotzeko, izan ere, etxebizitza merkatuan sartzeko zailtasunak zituzten baina "diru-sarrerak apur bat altuagoak zituzten hainbat pertsona bidean geratu zaizkigula ikusi dugu".
Gainera, etxebizitza berriak ematerako orduan ere kupo berriak ezarriko dira. Ondorioz, % 40a 35 urtetik beherakoentzat gordeko da, beste hainbeste etxebizitza eskubide subjektiboa eskatzen dutenentzat, % 10 kupo orokorrarentzat, eta gainerako % 10a etxebizitza behar berezia dutenentzat (indarkeria matxistaren biktimak, ezgaitasunen bat duten pertsonak, edo etxegabetu dituztenak).
Bestalde, alokairurako bakarrik diren etxebizitza publikoen sustapena "2015ean onartutako Etxebizitza Legeak berak agintzen duena" dela gogorarazi du. Legea indarrean jarri eta bost urtera, 2020ko irailean, euskal administrazioaren etxebizitza publiko guztiak alokairura bideratu behar direla esaten du legeak, "uste baitugu etxebizitza ekimen pribatuaren bitartez eros daitekeela".
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu bileraren osteko agerraldian, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak azpimarratu du dekretu honen bidez finantzaziorako tresnak eta ereduak zabaldu egingo direla, baldintzak hobetuz eta herritarrak etxebizitzaren alorrean gehiago babestuz.
Neurri honek gazteen emantzipazioa sustatuko duela eta babes ofizialeko komunitateetan bizi diren kolektibo ezberdinen arteko kohesio soziala ahalbidetuko duela erantsi du.
Horrez gain, 70 urtetik gorako pertsonek egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko aukera izango dutela nabarmendu du, beste etxe baten jabe izan arren, eta betiere, etxe hori Bizigune programan sartzen badute.