Garraioa
Bizkaiak AP8ko, 'Supersur'eko eta Artxandako tuneletako bide-sariak igo ditu
agencias | redacción
Ibilgailu arinentzat 2 eta 5 zentimo artekoa izango da garestitzea. Artxandako tuneletan, berriz, jaiegunetako tarifa berezia kendu egingo dute.
Bizkaiko Aldundiak AP8ko, Hegoaldeko Saihesbideko eta Artxandako Tuneletako (jaiegunetako tarifa berezia kendu du tuneletan) bide-sarien prezioak eta erabiltzaileentzako diru-laguntzak eguneratu ditu 2020ari begira.
Hala, diru-laguntza horiek jasotzen dituzten bizkaitarrek gehienez 32,63 euro ordainduko dituzte hilean hiru errepide horietan ibiltzearren.
Gehienezko gastua 47,74koa izango da Araba edo Gipuzkoako AP8an edo AP1ean ibiltzen direnentzat, bidaiaren jatorria edo helmuga Bizkaian dagoenean.
Gaur egun, 21.000 pertsona inguru daude diru-laguntza sistema horretan izena emanda, eta 2019an hilean 55 euro itzuli dizkiete batez beste.
Noizbehinkako tarifei dagokienez, Artxandako tunelen prezioa 3 zentimo igo da eta 1,23 eurokoa izango da ibilgailu arinentzat, eta 5 zentimo igo eta 1,3 eurokoa izango da ibilgailu astunen kasuan.
Ibilbide hori doakoa izango da gauez, baina jai egunetako tarifa bertan behera geratuko da.
Hegoaldeko Saihesbidearen kasuan, igoera 2 zentimo eta 15 zentimo artekoa izango da ibilbidearen eta ibilgailu motaren arabera.
Ibilgailu arin batek Bilbo Ekialdetik Santurtzirainoko ibilbidea egiten badu 1,33 euro ordaindu beharko ditu, eta 0,54 euro Bilbo Ekialdetik Bilbo Hegoaldera ibiliz gero.
Azkenik, AP8an, ibilbide luzeenean (Galdakao-Ermua), 5 zentimo garestituko da ibilgailu arinentzat (3,71 euro), eta deskontuei eutsiko diete Zornotza eta Iurreta, Abadiño eta Ermua artean, edo ibilgailu astunentzat Ermua eta Galdakaoko ibilbidea Santurtzira arteko Hegoaldeko Saihesbidearekin uztartzen badute.