Kargatzen...
Itxi

Lan-ezbeharrak

Langile bat hil da aldamiotik behera erorita, Gasteizen

eitb.eus

Leer en Castellano

3 metroko altueratik amildu da 54 urteko gasteiztarra, eta anbulantziako osasun-zerbitzuek ezin izan dute ezer egin gizonezkoa suspertzeko.

Eraikin honetan hil da langilea, Gasteizen. Argazkia: EiTB

54 urteko langile gasteiztar bat hil da aldamiotik behera erorita Arabako hiriburuko Olarizun, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Hiru metroko altueratik amildu da gizonezko behargina, eta anbulantzia iritsi denerako, osasun-zerbitzuek ezin izan dute ezer egin suspertzeko. 14:10ean jaso dute ezbeharraren abisua.

Osalaneko iturrietatik jakinarazi dutenez, langilea aldamioa jartzen ari zen ezbeharra gertatu denean. Lan Segurtasun Institutuak ikerketa jarri du abian beharginak oreka zergatik galdu duen argitzeko.

Bestalde, Juan Luis España CCOOren ordezkariak azaldu du igeltseroak denbora gutxi zeramala Arnaiz Asc 21 enpresan, eraikuntza lanez arduratzen den enpresan, hain zuzen ere. Gainera, behargina erori denean ez zegoela lotuta salatu du.

Ezbeharra gertatu denean, beste hiru langile eta enkargatu bat zeuden bertan. Hil den langilea zoruan ikusi dute oihu bat entzun ostean.