Itxi

Langabeziaren datuak

5.512 langabe gutxiago izan dira 2019an EAEn, eta 356 gehiago Nafarroan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hortaz, Euskadin, 114.162 langabe daude urtearen amaieran, hau da, 2018ko amaieran baino % 4,61 gutxiago, eta 33.198 Nafarroan, % 1,08 gehiago.

Your browser doesn’t support HTML5 video

5.512 langabe gutxiago izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan 2019an, eta 356 gehiago Nafarroan, ostiral honetan Espainiako Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioak jakinarazi duenez. Hortaz, urtearen amaieran, 114.162 langabe daude Euskadin, eta 33.198 Nafarroan. 2018ko amaierako datuekin alderatuta, langabeziak % 4,61 egin du behera EAEn, eta % 1,08 hazi da Nafarroan.

Abenduko balantzeari erreparatuta, langabeen kopurua % 0,34 hazi da Euskal Autonomia Erkidegoan hilabete horretan. Guztira, 385 langabe gehiago izan dira EAEn 2019ko abenduan. Nafarroan, aldiz, 782 langabe gehiago izan dira 2019ko azken hilabetean; igoera % 2,41ekoa izan da.

Espainiako Lan Ministerioak jakitera eman duenez, Bizkaian 3.087 langabe gutxiago izan dira 2019an (jaitsiera % 4,53koa izan da); Gipuzkoan, 2018ko amaieran baino 1.355 langabe gutxiago daude (% 4,28 gutxiago); eta Araban, aldiz, 1.070 langabe gutxiago (% 5,41 gutxiago).

Espainiar Estatuan, enpleguko zerbitzu publikoen bulegoetan erregistratutako langabeen kopuruak % 1,2 egin du behera 2019an; guztira, 38.692 langabe gutxiago izan dira azken urtean. Zazpigarren aldiz egin du behera langabeziak Espainian, baina hazkunderik txikiena da 2013tik, alegia, susperraldia hasi zenetik, Estatuko Gobernuak zehaztu duenez.

Gizarte Segurantzako 18.488 afiliatu gehiago EAEn, 2019an

Bitartean, Gizarte Segurantzako afiliatuen datuak aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko hazkundea % 1,92koa izan da; batezbeste, 18.488 afiliatu gehiago izan dira. Abenduan, 683 afiliatu gehiago izan dira (% 0,07ko igoera da hori).

Hortaz, EAEn, 2019ko amaieran, 980.592 afiliatu daude EAEn, Espainiako Gobernuak adierazi duenez.

Nafarroan, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua % 2,55 igo da 2019an; duela urtebeteko datuekin alderatuta, 7.210 afiliatu gehiago daude. Guztira, 289.851 afiliatu daude Nafarroan; abenduan, beherakada izan da, % 0,47koa.

Estatuan, Gizarte Segurantzaren datuak aztertuta, batez besteko igoera 384.373 afiliatukoa izan da (% 2); 2013tik izandako igoerarik txikiena da hori. Abenduan, 31.659 afiliatu gehiago izan dira (% 0,1eko igoerarekin); 2012tik honako abenduak kontuan izanik (orduan 88.000 afiliatu galdu zituen Gizarte Segurantzak), hau izan da abendurik txarrena.

Urkullu: "Helburua da enplegu gehiago eta hobea sortzen laguntzen jarraitzea"

Datuen berri izan ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du, Twitterren bidez, Euskadik "hamarkadako kopururik altuena" duela 2019ko amaieran Gizarte Segurantzaren datuei dagokienez. Berretsi duenez, Jaurlaritzaren helburua da "enplegu gehiago eta hobea sortzen laguntzen jarraitzea".

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)