Elkarrizketa Radio Euskadin
Garamendi (CEOE): 'Oposizioak irmoa behar du, baina baita leiala ere'
Radio Euskadi | Erredakzioa
Espainiako patronalaren presidenteak ohartarazi duenez, "enfrentamendu soziala ez da ona". Garamendiren aburuz, PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernua "legitimoa" da.
Antonio Garamendi Espainiako CEOE patronaleko presidenteak nabarmendu duenez, PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernua "legitimoa" da, eta horren harira izan diren "eztabaidak" kritikatu ditu; "ez dira batere onak", arrazoitu du. Izan ere, horren ustez, "oposizioak irmoa behar du izan, baina baita leiala ere, amorrua eta enfrentamendu soziala ez direlako onak".
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Garamendik estu hartu du PPk zuzentzen duen oposizioa; "soka asko tenkatu dute", deitoratu du. Horren aurrean, "batzen gaituzten gauzen inguruan" hitz egiteko deia egin dio, batez ere Pablo Casadori. Espainiako enpresaburuen presidentearen iritzian, "mahaiaren bueltan jesartzeko unea da" eta pentsioen gaia aipatu du adibide moduan: "Pentsioen gaiari heldu behar zaio, jasangarritasun faktorea 2023ra arte dago luzatuta, Toledoko mahaia berreskuratu behar da". Immigrazioaren auzia ere garrantzitsutzat jo du, "beharrezkoa" delako "kontsentsu global bat, agente bakoitzak bere ideiak defendatu ahal dituen arren".
Garamendik argitu du Pablo Iglesias zoriondu duela, eta berarekin "harreman pertsonal ona" duela, iritzi ezberdinak dituzten arren. "Onena opa diot", aitortu du.
Nabarmendu duenez, Espainiako Gobernu berriari "kolaborazio leiala" eskaini diote enpresaburuek. Garamendiren hitzetan, "independenteak izango gara, Estatu zentzuarekin jardungo dugu, leialtasun instituzionala mantenduz".
"Ikusiko dugu hauteskunde kanpainan hitzemandako zein gai bete ahal diren eta zein ez. Era berean, elkarrizketa soziala bultzatu behar da. Espainian 5.000 negoziazio mahai ditugu zabalik", zehaztu du.
Klima aldaketaren agenda hizpide, Garamendik esan du "Europarekin elkarlanean" egitea dela "egokiena", "teknologiek aurrera egin eta ahalbideratzen duten heinean". Gogorarazi duenez, automobilgintza industriak garrantzi handia du Euskal Autonomia Erkidegoan, eta "hura zaintzeko" deia egin du. "Industriak bide berdetik jarraitu behar du, baina aldaketak progresiboa izan behar du, ezin gara aurreratu", erantsi du. Horren ildoan, Petronoren adibidea jarri du: "Lantegia bat-batean ixten badute, zer gertatuko da zerga bilketaren 8.500 milioi euro horiekin? Etxeko lanak egiten utzi beharko diogu, enpleguaren eta diru bilketaren oinarrizko habea da eta".
Koalizio gobernuak iragarritako gutxieneko soldata igoerari buruz ere galdetu diote Garamendiri, CEOEk hainbatetan kritikatu duelako neurria. "Ez zaigu ekonomia dekretu bidez aldatzea gustatzen. Hitz egin dezagun elkarrizketa sozialaren mahaian", azaldu du. Horren ustez, "egoera batzuk ez dira bateragarriak irizpide orokor batekin. Jendea ez da Almedralejoko ile-apaindegi batekin akordatzen. Hustutako Espainiak ezin du gutxieneko soldata maila horretara igo".
Harago ere joan da CEOEko presidentea eta lehiaketa publikoen afera aipatu du. Azaldu duenez, enpresei soldata altuagoak eskatzen badizkiete lehiaketa publikoen aurrekontuak ere igo egin behar dira. "2020rako hitzarmen guztietan 14 ordainsaridun 1.000 euroko soldatak ezartzea proposatu dugu. Akatsa da dekretuz zehaztea", azpimarratu du.
Urtarrilaren 30erako EAEn eta Nafarroan deituta dagoen greba orokorrari buruz, Garamendik esan du ez dela ona, "ekonomiari kalte egingo" diolako. "Jesar gaitezen elkarrizketa sozialaren mahaian, muturreko jarrerak ez direlako onak. Europak oso nota ona ematen dio Euskadiri".
____________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.