Bizkaiko Garraio Partzuergoa
Milioi erdi Barik txartel iraungiko dira aurten: zer egin behar dut?
eitb.eus
Txartela 2013an erosi zutenek berritu egin beharko dute aurten.
Milioi erdi Barik txartel iraungiko dira aurten. Bizkaiko Garraio Partzuergoak 2013an jarri zuen martxan, eta hasiera batean lau urteko epe-muga jarri zioten arren, 2017an hiru urte gehiago luzatu zuten. Hori dela eta, aurten iraungiko dira Barik txartel asko. Partzuergotik, hilero 40.000 txartel iraungitzea aurreikusten dute.
Guztira 1.900.000 txartel inguru daude eta, Partzuergoaren esanetan, erabiltzaile bakoitzak, batez beste, bizpahiru txartel ditu. Txartelaren iraungitze data Partzuergoaren webgunean ikus daiteke.
Txartel zaharreko dirua ez da galtzen, erabiltzaileak txartel berrira pasatu ahalko baitu lau hilabeteko epean, iraungitze datatik zenbatzen hasita. Horretarako, Bizkaiko Garraio Partzuergoak dituen 11 bulegoetako batera joan beharra dago. Geltokietako makinetan ere begiratu daiteke. Hori bai, txartel berria erosteagatik 3 euro ordaindu beharko da.
Nolanahi ere, espero da txartel fisikoen erabilera jaistea, urte amaieran Partzuergoak sistema berria jarriko baitu abian ordainketan telefonoarekin egin ahal izateko. Hala ere, txartel fisikoak ez dira guztiz desagertuko.
Bideoa: zergatik iraungitzen dira barik txartelak?
Hauek dira Barik txartela berritzeko bulegoak:
- Bizkaiko Garraio Partzuergoa. Bilbo: San Mameseko Intermodala
- Metro Bilbao eta Euskotren Bulegoa. Bilbo: Zazpi Kaleak-Casco Viejo Geltokia (San Nikolas)
- Metro Bilbao Bulegoa. Getxo: Areeta geltoki kanpoan (Ibaigane, 17), Barakaldo: Ansio geltokian
- Euskotren Bulegoa. Durango (Geltoki kalea), Gernika (Geltoki plaza)
- Bilbobus Bulegoa. Bilbo: Poza Lizentziatuaren kalea, 8
- Renfe Bulegoa. Bilbo: Abandoko geltokia (Plaza Zirkularra, 2)
- Bizkaibus Bulegoa. Leioa: UPV/EHU Bizkaiko Unibertsitateko Campusa (Gizarte Zientzien Fakultatea), Sodupe: Herritarren Arretarako Bulegoa, Portugalete: Herritarren Arretarako Bulegoa (San Roke plaza)