Itxi

RADIO EUSKADI

"Greba politikoa" deitzea egotzi diete ELAri eta LABi alderdi gehienek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

EH Bilduk bakarrik babestu du urtarrilaren 30eko greba orokorra, Radio Euskadiko tertulia politikoan. EAJk, PPk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk uste dute hauteskundeei begira deitutako protesta dela.

Tertulia politikoa, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak urtarrilaren 30erako deitu duen grebak kutsu politikoa duela esan dute EAJko, PSEko, Elkarrekin Podemoseko eta PPko ordezkariek, Radio Euskadiko tertulia politikoan. Hauteskundeen atarian, "greba politikoa" deitzea egotzi diete ELA eta LAB sindikatuei. EH Bilduk bakarrik babestu du deialdia.

Pentsio, lan eta bizi-baldintza duinen alde deitu dute U30eko lanuztea, eta Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen iritzian, ezker abertzaleko koalizioa greba honekin bere mesedetan ari dela esateak ez du ez hanka eta ez bururik.

Halaber, Iñigo Urkullu lehendakariak sindikatuekin biltzeko eskariari uko egitea "guztiz onartezina" dela esan du Casanovak. Horren hitzetan, lehendakari gisa sindikatu guztiei ateak zabaltzea dagokio Urkulluri.

Bere aldetik, Joseba Egibar legebiltzarkide jeltzaleak gogor egin du ELA eta LAB sindikatuen kontra, hauteskundeei begira antolatu dutela greba hau esanez.  "Lekuz kanpo" dagoen greba "neurrigabea" dela gaineratu du Egibarrek.

Ildo beretik mintzatu da Elkarrekin Podemoseko Edurne Garcia ere. Grebari "kutsu politikoa" hartzen dio, eta lan baldintzen aldarrikapena alde batera uztea egotzi die sindikatuei. Gainera, Espainian Gobernu aurrerakoi bat osatu berritan eta exekutibo berri horri aukerarik eman gabe datorrela protesta hau nabarmendu du alderdi moreko kideak.

PSEko Gloria Sanchezek ere ez du ulertzen zertara datorren greba deialdia, "pentsio sistema publikoa indartzeko konpromisoa hartu duen Gobernu aurrerakoi bat osatu denean Espainian". Pentsiodunen artean zatiketa eragitea leporatu die ELAri eta LABi.

Carmelo Barrio legebiltzarkide popularrak "bandera politikoak" ikusten ditu grebaren atzean. "Ohi bezala", sindikatu abertzaleek "gizartean desoreka" eragin nahi dutela azpimarratu du.

Albisteak (3)