'Euskal Y'-a
Tapiak eta Abalosek bilera egingo dute otsailaren 13an AHTaren lanak bultzatzeko
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak konpromisoa agertu dute tren lasterraren lanak 2023rako bukatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako ministroak otsailaren 13an bilera egitea adostu dute "euskal agendan gauzatzeko dauden azpiegituren inguruko gaiei berriro heltzeko", bereziki Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak bultzatzeko.
Tapia eta Abalos Donostian bildu dira goizean, eta bertan hitzartu dute otsaileko batzar teknikoa. Zehaztu beharreko gaien artean, "lehentasunezkotzat" jo dituzte AHTaren obrak amaitzea eta euskal hiriburuetara AHTaren sarbideak finantzatzeko modua diseinatzea (etorkizunean, toki erakundeekin ere aztertu beharko da).
Era berean, beste gai hauek ere izango dituzte hizpide: Korridore Atlantikoaren egoera, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea eta portuen eta aireportuen transferentzia.
Halaber, Lezoko terminal intermodala eta logistikoa garatzeko lankidetza-protokoloa sinatzeko ere baliatu dute bi agintariek gaurko bilera. Horren arabera, terminal hori garatzeko "behar diren eraikuntza-proiektuak eta informazio-azterketa" egiteko konpromisoa hartu dute bi gobernuek. Horien esanetan, "Lezoko terminalari esker, Pasaiako portuaren erabilera dinamizatu ahal izango da. Hala, itsasoz helduko diren merkantziak trenera eraman ahal izango dira, eta alderantziz, portua Euskal Y-arekin lotuz".