Enplegua
Euskadiko langabezia-tasa zazpi hamarren jaitsi da, eta % 9,6an kokatu da 2019an
Agentziak | Erredakzioa
Gainera, okupazio-tasak ere hobera egin du; izan ere, 11.000 pertsona gehiagok izan dute lana iaz. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan izan da gorakada hori.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia-tasa batez beste % 9,6koa izan zen iaz, eta, horrenbestez, zazpi hamarren jaitsi zen 2018ko datuekin alderatuta; izan ere, 7.200 pertsonak langabezian egoteari utzi zioten, Eustatek biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko egindako inkestaren arabera.
Langabeen kopurua jaisteaz gain, EAEko lan-merkatuaren iazko datuek okupazio-tasaren hobekuntza islatzen dute, iaz, batez beste, 11.000 pertsona gehiago izan baitziren lanean.
Okupazioak gora egin du bai gizonen artean (+6.100) bai emakumeen artean (+5.100) hiru lurralde historikoetan: 1.700 pertsona gehiago zenbatu dituzte lanean Araban, 4.000 gehiago Bizkaian eta 5.300 gehiago Gipuzkoan.
Batez beste, 4.700 gizon gutxiago eta 2.500 emakume gutxiago zenbatu dituzte langabezian: 700 langabe gutxiago zenbatu dituzte langabezian Araban, 4.100 gutxiago Bizkaian eta 2.400 gutxiago Gipuzkoan.
Hala, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak positibotzat jo ditu datu horiek, eta nabarmendu du horrela sendotu egiten dela Eusko Jaurlaritzaren helburua, langabezia-tasa % 10etik behera jaistea lortu baita.
Gainera, Artolazabalen iritziz, aurtengo "aurreikuspenak positiboak dira oraindik", nahiz eta nazioarteko ziurgabetasunek euskal ekonomian ere eragina izango duten. Dena dela, Euskadin "enplegua sortzen eta aukera berriak ematen" jarraituko dutela berretsi du.
"Oso gertu gaude Gizarte Segurantzako afiliatuen errekorra lortzetik", adierazi du sailburuak. Hala, beheranzko joera horretan jarraitzeko eta kalitatezko enplegu berria lortzeko tresna berriak iragarri ditu, "hori ere Jaurlaritzaren beste erronketako bat baita". Azkenik, Artolazabalek esan du datu positibo horiek ez dutela ezkutatu behar oraindik badirela egoera zailean dauden pertsonak.