Nafarroa
Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontu-akordioa sinatu dute
Agentziak | Erredakzioa
Osoko zuzenketarik balego, EH Bilduk kontrako botoa emango luke. Halaber, hitzarmenak jasotzen duenez, finantzarioa ez den 2020rako gastu-muga 16,7 milioi euro handiagoa izango da.
Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk akordioa hitzartu dute ostiral honetan, Foru Erkidegoko 2020rako Aurrekontuak onartzeko aurreko astelehenean itxitako aurreakordioa berretsi eta sustatze aldera. Hortaz, Nafarroako Gobernuak agiri batean zehaztu duenez, osoko zuzenketarik aurkeztuko balitz, EH Bilduk kontrako botoa emango luke, Aurrekontuen Legearen proiektua onartzea ahalbidetzeko. Halaber, finantzarioa ez den 2020rako gastu-muga 16,7 milioi euro handiagoa izango da; hala du jasota itunak.
Akordioak bi aldeen hainbat konpromiso islatzen ditu. EH Bilduk zuzenketa partzial sorta aurkeztuko du, 2019-2023 Legealdi Akordioak jasotzen duenaren ildotik. Zuzenketa horiek, bereziki, gai hauekin izango dute lotura: Berdintasun Foru Legearekin, hezkuntza-azpiegiturekin, 0-3 urte bitarteko haur-eskolekin, esku-hartze sozialaren hitzarmenarekin, osasun publikoarekin eta lan-osasunarekin, udal-finantzazioarekin eta lurralde-kohesioarekin.
Nafarroako Gobernuak, aldiz, hurrengo arloetan garatuko ditu zenbait neurri 2020an: pentsio duinetan, enpleguan, hezkuntzan, administraritza lokalean, trantsizio ekologikoan, funtzio publikoan, Nafarroako Finantza Institutuan, kalitatezko zerbitzu publikoetan, Jarduera Onetarako eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoan, eta Foruzaingoan.
Gastu-mugak, gora
Halaber, eta Ogasunak aldeko txostena eman ostean, otsailaren 3an, Gobernu bileran, finantzarioa ez den 2020rako gastu-muga igoko dute; hain zuzen ere, 16,7 milioi euro handiagoa izango da. Kopuru horretatik, bost milioi Tokiko Azpiegituretako-Despopulatzearen aurkako Planean erabiliko dituzte, eta gainerako 11,7 milioiak zuzenketa partzialetarako baliatuko dituzte; zuzenketa horiek Nafarroako Gobernuan dauden taldeenak izango dira (alegia, PSNrenak, Geroa Bairenak, Podemosenak), baita EH Bildurenak eta I-Erenak ere.
EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaile Adolfo Araizek nabarmendu du bildu ahal izan dituztela 16,7 milioi horiek, "hasieran errezeloak bazeuden ere": "Lan teknikoa egin da, diru-sarrera guztiak eztabaidatu ditugu", esan du. Aldeen arteko "desadostasun batzuk" izan direla onartu ere onartu du.