Epaia
Amiantoagatik hildako langile baten sendiari kalte-ordaina eman behar dio Agruminsak
Agentziak | Erredakzioa
Enpresak ez zion amiantoaren arriskuaren berri eman beharginari, eta ez zuen arnas babesa erabiltzera behartu. Gainera, ez zioten amiantoarekin lotutako azterketa medikorik egin.
Amianto-zuntzak arnastuta pleurako mesotelioma baten ondorioz hil zen langile baten alargunari eta bi seme-alabei 108.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du Bilboko epaitegi batek Agrupacion Minera SA (Agruminsa) enpresa, senideek jarritako demanda onartu ostean.
Zehazki, Agruminsak 88.000 euro ordaindu beharko dizkio behargin horren alargunari eta 20.000 euro seme-alabei.
M.G.M. mekanikari gisa aritu zen lanean enpresa horretan, meategiko makineria konpontzen. Besteak beste, gastatutako balazta-zapatak eta enbrage-diskoak ordezkatu behar zituen. Horretarako, rotaflexa erabili ohi zuen, baina aldatu beharreko pieza hori errematxatuta zegoenean mailua eta zizela hartzen zituen, lixatu aurretik. Jarduera horretan, langileak amianto-zuntzak arnasten zituen, lantegian ez zegoelako sortutako hautsa xurgatzeko sistemarik.
Agruminsak (Gallartan minerala erauzten zuen Bizkaiko Labe Garaien enpresa filiala) ez zion amiantoaren arriskuaren berri eman beharginari, eta ez zuen arnas babesa erabiltzera behartu. Gainera, ez zioten amiantoarekin lotutako azterketa medikorik egin, eta ez zioten inoiz garbitu minbizia sortu dezaketen zuntzekin kutsatutako laneko arropa.
2016ko ekainean, pleurako mesotelioma diagnostikatu zioten langileari, inoiz erre ez zuen arren, eta urtebete geroago hil zen.
2018ko azaroaren 27an, gaixotasunaren eta ezintasun iraunkor absolutuaren ondoriozko kalte moralengatik 294.989 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuten Agruminsa.