Lan istripuak
Lan istripuak salatzeko elkarretaratzea deitu dute sindikatuek martxoaren 3rako
Agentziak | Erredakzioa
Lan baldintzak eta lan istripuak saihesteko bitarteko falta salatu nahi dute ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, eta bi behargin Zaldibarko zabortegian desagertuta daudela gogorarazi dute.
ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 3rako Gasteizen, lan istripuek eragindako "heriotzen uholdea" salatzeko asmoz. 1976an Gasteizen bost langile tiroz hil zituzteneko urteurrenarekin bat eginez deitu dute protesta.
Hainbat hilabetez greban igaro ostean, Poliziak Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan langileen batzar bat desegin zuenean tiroz hildako langile horien omenezko monolitoaren ondoan elkarretaratzea egin zuten atzo sindikatu horietako ordezkariek.
Aurten, Martxoak 3 Elkarteak eskatzen duen justizia eta aitortzaz gain, lan baldintzak eta lan istripuak saihesteko bitarteko falta salatu nahi dute sindikatuek.
Sindikatuek salatu dutenez, "2017tik 182 langile hil dira Euskal Herrian, eta bi behargin Zaldibarko zabortegian desagertuta daude, patronalaren eta administrazioaren utzikeriaren aurrean".
Hala, 'Euskal Langileok ez dugu barkatuko, ez atzo, ez gaur, bizitza duina' lelopean, martxoaren 3rako deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.