KORONABIRUSA
Jarduera ekonomikoaren itxiera "azken baliabidea" dela adierazi du Confebaskek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jarduera ekonomikoa eta industriala etetearen ondorioak "aurreikusi ezinak eta oso larriak" izango direla ohartarazi du.
Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak Covid-19ak eragindako osasun krisiaren aurrean jarduera ekonomiko baten itxierak "azken baliabidea" izan behar duela adierazi du, bestela ondorioak "aurreikusi ezinak eta oso larriak" izango direlako. Ildo horretan, EAEko enpresa handietan egiten ari den "akordiorik gabeko eta desordenatutako" itxiera kritikatu du.
Zubiaurrek Ser katean egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, koronabirusaren eragina "ez da soziala bakarrik, ekonomikoa eta enpresariala ere bada", eta jarduera kaltetuenak "ixtera behartuta daudenak eta horiei lotutakoak, hala nola turismoa, garraioa, jatetxeak, ostalaritza eta hezkuntza-sistemarekin zerikusia duen guztia" izaten ari direla adierazi du. Hala ere, "zoritxarrez", arrazoi batengatik edo besteagatik aste honetatik "industrian izandako eragina ere garrantzitsua izaten ari da".
Horrek "modu berezian" kezkatzen dituela aitortu du Confebaskeko presidenteak. Une honetan kaltetuta egon daitezkeen euskal enpresa industrialen kopuruari dagokionez, oraindik ez dutela daturik esan du Zubiaurrek, baina "biltzen" ari direla.
Era berean, "oso modu desordenatuan gertatzen ari dira, eta kasu askotan oso modu irregularrean", adierazi du, lan-baldintzak falta direla aipatuz eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen artikulu jakin batzuetara joz, non arrisku handiei eta berehalako arriskuei buruzko salaketa batzuei erreferentzia egiten dien, "nire ustez kasua ez denean".
Horren harian, "Espainiako Gobernuaren erabakiz debekatuta dauden jarduerak" ez direla kontuan hartu esan du, eta "neurri prebentiboak" hartzeko eta "herrialde honetako jarduera ekonomikoa eta soziala ez gelditzeko" egoera horretan gaudela denok, bestela, "aurreikusi ezin diren ondorioak izango ditugu".
"Kezka"
Zubiaurrek azaldu du Confebask enpresekin, erakundeekin eta Gobernuekin hitz egiten ari dela; izan ere, "kezka oso handia dago", ez baitago argi enpresa handiek jarduera berreskuratu ahalko ote duten, neurriren bat hartuta ere.
Testuinguru horretan, Italia aipatu du: "Bertan, patronalen, Gobernuaren eta sindikatuen arteko akordioa dago, jarduera ekonomikoak itxi ez daitezen, eta kasu bakoitzean beharrezko neurriak hartzeko, lanean edozein arrisku saiheste aldera".
Nolanahi ere, azpimarratu du jarduera ekonomiko bat ixtea "azken baliabidea" izan behar dela: "Bereziki, enpresa oso garrantzitsuak badira; egun hauetan, horrelako enpresak ari dira jarduera ixten, eta, gainera, modu oso desordenatuan, ezer adostu gabe. Prebentziozko neurririk ez da abiatu, eta erabaki zorrotzak ari dira hartzen". Erabaki horiek, Zubiaurreren hitzetan, "ez dira batere zuzenak".
"Herrialde bat abian jartzeak kostu oso handia du. Industria askok behar dute hornikuntza-sare bat; zenbait enpresak industria handi horiek behar dituzte, eta jarduera geldituz gero oso zaila da berriro abian jartzea", berretsi du.
Aldi baterako lan-erregulazioak
Aldi baterako lan-erregulazioei dagokienez, Zubiaurrek zehaztu du enpresak "behartuta" ari direla aurkezten; izan ere, jarduerarik gabe geratu dira, "Gobernuak hala erabakita", eta logikoa da, haren iritziz, "onartutako neurri guztiez baliatzea, egoera honi aurre egiteko".
Zubiaurreren ustez, aldi baterako lan-erregulazioa "tresna boteretsuena da", enpresei aukera emango baitie "egoerari aurre egiteko ahalik eta kosturik txikienarekin, gizarte- eta enplegu-arloan, eta ikuspegi guztietatik". Halaber, adierazi du "asmoa" dela aldi baterako lan-erregulazioek kaltetutako langileak berriro kontratatzea, osasun-krisia gaindituta.