Koronabirusa
Lan-erregulazioko 4.000 plan baino gehiago aurkeztu dituzte Hego Euskal Herrian
Agentziak | Erredakzioa
EAEn kopurua bikoiztu egin da egun bakarrean, eta 28.846 langileri eragiten diete dagoeneko. Nafarroan, aldi baterako 300 erregulazio kudeatu dituzte oraingoz, eta 5.000 behargini eragingo diete.
EAEko 3.382 enpresak aldi baterako erregulazio planak aurkeztu dituzte, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz. Honenbestez, osteguneko zenbatekoa (1.365) bikoiztu egin da.
Gainera, Nafarroako konpainiek mila bat lan-erregulazioko espediente aurkeztu dituzte astebete eskasean. Foru Gobernuaren esanetan, "eragina ikaragarria izango da". Mila horietatik 300 baino ez dituzte kudeatu, eta 5.000 behargini eragingo diete.
Eusko Jaurlaritzako Lan Saileko iturriek jakitera eman dutenez, iragan astelehenetik aurkeztutako erregulazio planek 28.846 langileri eragiten diete (ostegunean 15.080ri).
Espediente kopururik handiena Bizkaian aurkeztu dute 2.029 (atzo 876), 17.823 langile kaltetu. Gipuzkoan, 868 (ostegunean 296) plan aurkeztu dituzte dagoeneko, eta 5.947 behargini eragingo diete, eta Araban 485 (193) espediente zenbatu dituzte jadanik, 5.076 langile tartean.
Hain zuzen ere, ostiral honetan EAEko lantegirik handienak, Gasteizko Mercedes-Benz fabrikak, aldi baterako erregulazio plana aurkezteko asmoa iragarri die beharginei, nahiz eta oraindik zenbat langileri eragingo dien ez zehaztu. 5.000 pertsona ari dira lanean, Arabako hiriburuko lantegian.
Espedienteak aurkeztu eta onartzeko modu eta oinarrizko irizpideak jasotzen dituen dokumentu bat igorri die Lan Sailak gizarte eragileei. Ezinbesteak bultzatutako arrazoi bezala, besteak beste, jardueraren etetea, lokalak aldi baterako ixtea eta pertsona zein salgaien mugikortasuna murriztea aipatzen ditu.
Era berean, langileak kutsatzea edo isolamendu prebentiboa zerrendatzen ditu agiriak, baita hornidura faltak enpresaren jarduera eragoztea ere.
Foru Erkidegoan, Jose Maria Aierdi presidenteordeak (Manu Ayerdi kontseilariaren ordezkoa, koronabirusarekin gaixorik baitago) azaldu duenez, zenbatekoa ikusita ondorio ekonomiko latzak aurreikusten dituzte; izan ere, 2012an, krisi ekonomikoaren urterik kaskarrenean, aste honetan baino erregulazio plan gutxiago aurkeztu zituzten.
"Izurriteak jarduera gelditu izanaren ondorio dira lan-erregulazioko plan gehienak, baina jarraipen bat egingo dugu", ziurtatu du presidenteordeak. Enpresek "ezinbesteak bultzatuta" eskatu dutela egiaztatuko dutela ohartarazi du Aierdik.