Koronabirusa
Enpresentzako abalen lehen zatia onartu du Espainiako Gobernuak, 20.000 milioirekin
Agentziak | Erredakzioa
Helburua da finantza-erakundeek koronabirusaren krisiak kaltetutako enpresei eta autonomoei beharrezko likidezia eman diezaiotela.
Espainiako Gobernuak abal publikoen lehen zatia onartu du, 20.000 milioirekin, finantza-erakundeek koronabirusaren krisiak kaltetutako enpresei eta autonomoei beharrezko likidezia ematea helburu.
Neurriak atzeraeraginezko izaera izango du, martxoaren 18tik; izan ere, egun horretan sartu ziren indarrean Espainiako Gobernuaren neurri ekonomikoak. Mailegu berriak ematea bermatuko dute, eta berritze guztiek finantza-erakundeak emandako iraunaldia berdinduko dute; maximoa 5 urtekoa izango da.
Abalen lehen zati hau 100.000 milioi euroko linea baten barnean kokatzen da. Autonomoentzako eta enpresa txiki eta ertainentzako mailegu berrien eta berritzeen % 80 babestuko ditu; hain zuzen ere, lehen zati honetako erdia horretarako erabiliko dute. Horrez gain, gainerako enpresen mailegu berrien % 70 bermatuko dituzte, eta % 60 horien berritzeetan.
"Enpresekin, langile autonomoekin eta enpresa txiki eta ertainekin dugun konpromisoa betetzen dugu, horrela, produkzio-jarduera eta enplegua babestuko dituen likidezia-sistema abiatuz", zehaztu du Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Ogasun ministroak, Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Kreditu Ofizialeko Institutuak kudeatuko du, eta baldintza bakarra izango du
Linea hau Kreditu Ofizialeko Institutuak kudeatuko du, finantza-erakundeekin batera. Azken horiek hartuko dute euren gain abalaren kostua: 20-120 oinarrizko puntu bitartekoa izango da.
Berme hau eskuratu ahal izateko baldintza bakarra da eskatzaileak ez egotea berankortasun-egoeran 2019ko abenduaren 31n eta hartzekodunen konkurtsoan 2020ko martxoaren 17an. Interesa duten enpresek eta autonomoek 2020ko irailaren 30era arte izango dute euren eragiketerako bermea eskatzeko aukera; Kreditu Ofizialeko Institutuak lankidetza-akordioak hitzartu ditu hainbat finantza-erakunderekin, eta horietako batera jo beharko dute.
Monterok azaldu duenez, likidezia-linea honek balio izango du enpresariek finantza-beharrei aurre egitea; besteak beste, soldatak, fakturak edo behar zirkulatzaileak ordaintzeko, bai eta finantza- edo zerga-obligazioen epemugak ordaintzeko ere.
Espainiako Gobernuko ministro bozeramaileak zehaztu duenez, lehen zati hau agortu aurretik, modu automatikoan sartuko dira indarrean gainerako kopuruak, agindutako 100.000 milioiak bete arte. Nolanahi ere, eskariagatik edo merkatuaren egoeragatik erabakitzen badute baldintzetan doikuntzaren bat egin behar dela, aztertuko lukete.
"Horrek esan nahi du bankuen arrisku-batzordeek, noski, erraztasun handiagoa izango dutela mailegu-linea horiek emateko; horrela, likidezia ekoizpen-ehunaren toki guztietara iritsiko da", gehitu du.
Monterok ziurtatu du bankuak oso prest izan direla krisi-egoera honetan laguntza emateko; haren iritziz, bankuak arduratsuak izango dira, eta guztiei emango diete aukera laguntza hauek eskuratzeko.