Koronabirusa
Hegoaldeko langileek protestak egin dituzte lantokietan beren osasunaren defentsan
Agentziak | Erredakzioa
ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk deituta, beharginek protesta bilkurak eta elkarretaratze zaratatsuak egin dituzte, goizean eta eguerdian, lantokien atarietan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta, gaur, martxoak 27, Hegoaldeko langileek mobilizazioak, geldialdiak, kontzentrazioak, argazkiak eta bilkura zaratatsuak egin dituzte lantokietan, COVID-19ak eragindako alarma egoera honetan, "osasunaren, enpleguaren eta lan-baldintzen defentsan".
Protesta deitu duten sindikatuek azpimarratu dute “milaka pertsonak” egin dutela bat mobilizazioarekin eta aldarrikatu dutela koronabirusaren hedapenak eragin duen egoeran ere “lehen lerroan jar daitezela osasuna, enplegua eta lan baldintzak”.
Agiri bateratu batean, sindikatuak pozik agertu dira mobilizazio honek “Hego Euskal Herri osoan izan baitu oihartzuna”, ostiral honetako goizean zehar “milaka pertsonak” hartu baitute parte, etxetik zein lantokitik, “haserre” daudela erakusteko.
Sindikatuek azaldu dute deialdiari hainbat sektoretatik erantzun diotela. Osasun langileak garbitzaileekin batera mobilizatu dira Gurutzetako ospitalean, eta egoitzetako, anbulantzietako eta supermerkatuetako beharginek ere “erakutsi dute beren haserrea”. Industrian ere aldarrikapenak erakutsi dituzte langileek, besteak beste Sidenorren, Basaurin.
Gainera, etxean isolatuta dauden pertsonek ere deialdiarekin bat egin dutela azpimarratu dute, eguerdian “zarata egin baitute balkoietatik”.
Ohar batean, sindikatu horiek esan dute langileak "haserre" daudela "beren osasuna arriskuan jartzen ari direlako". "Oinarrizko zerbitzuetako langileak beren osasuna bermatuko duen prebentziozko neurririk gabe ari dira lanean egunak joan eta eguna etorri, arrisku etengabean", salatu dute.
Bestalde, oinarrizko zerbitzuetatik kanpo lanean ari direnak ere "lanera joatera behartuta" daudela esan dute sindikatuok, "Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek osasunaren aurretik jartzen dituztelako interes ekonomikoak". "Langile hauen osasuna ere ez dago bermatuta", langileen ordezkarien hitzetan.
Halaber, deitoratu dutenez, "patronal eta gobernuek osasun krisia ordaintzea nahi dute orain", eta "hasi dira aldi baterako kontratua zuten edo lan prekarioak egiten ari ziren langileak kaleratzen eta aldi baterako lan erregulazioak inolako negoziaziorik gabe izapidetzen, besteak beste”.
Halaber, "lan-baldintzak arriskuan jartzen ari dira eta langileok garesti ordaindu genuen aurreko krisia", erantsi dute. Testuinguru horretan, EAEko eta Nafarroako gobernuei, Confebask patronalari eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari eskatu diete "oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak diren prebentziozko neurri eraginkorrak gelditzea, funtsezkoak ez diren lan jarduera guztiak gelditzea eta enplegua eta lan-baldintzak bermatzea".
ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk errepikatu dute osasuna, enplegua eta lan baldintzak “lehen lerroan” jarri behar direla. Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei zein patronalei eskatu diete oinarrizko zerbitzuetan prebentziozko neurri “beharrezko eta eraginkorrak” aplikatzea eta oinarrizkoak ez diren lan jarduera guztiak gelditzea, enplegua eta lan baldintzak bermatzeaz gainera.